Prentsari programaren aurrerapen bat egin dio EH Bildu koalizioak. Hiru hileko prozesu parte-hartzailea garatu dute, lan-taldeka, eta 150 bat lagunek parte hartu dute. Horien ostean, herriko eragileekin batzartu dira, eta horregatik, programari azken ukituak ematen dabiltza. "Durango aldatzeko" helburuz egindako 150 proposamen dira, koalizioko zerrendaburu den Dani Maezturen arabera. Bere iritziz, EH Bildu da Durangon aldaketaren liderra izateko aukera bakarra.
Maeztuk adierazi du Durangoko Udalean politika egiteko modua aldatu gura dutela, gobernura helduz gero. Gardentasuna eta gertutasuna izango ei dira euren oinarriak, eta herritarrek egiten dituzten eskaera guztiei hile bateko epean erantzun bat emateko konpromisoa hartu du. Gainera, aurrekontuak eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarren partaidetzagaz burutzea proposatu du, baita kontseilu sektorialak sortzea ere. Auzoetan kontseilu bereziak sortuko dituztela iragarri du, auzotarren proposamenak zuzenean udalera ailegatzeko. Bestalde, udal kargudunen soldatak %50 bajatuko dituztela agindu du Maeztuk. Herritarrekiko gertutasunagaz jarraituta, "pistolaren udaltzaingoa" amaitu behar dela esan du, "herritarren zerbitzura" egongo den udaltzaingo baten alde.
"Ondo bizi"
"Guztiok ondo bizi behar dugu" lemapean, arlo sozialeko proposamenak azaldu dituzte Eider Uribek eta Ion Andoni del Amok. Saldu barik dauden babeseko etxebizitzak alokairura bideratzeko saiakera egingo dutela esan dute, eta Durango Eraikitzen enpresa publikoa alokairurako soilik izatea gura dute. Hutsik dauden etxe zaharrak berritzeko diru-laguntzak prometitu dituzte, baina gero "alokairu mugatu" baten ipintzearen truke.
Durangon etxe kaleratzeak burutzen dituzten banketxeetan ez dute udaleko dirurik ipiniko, eta kaleratzeetan udaltzaingoak ez duela parte hartuko agindu du Uribek. Zerga politikari dagokionez, "gehien duenak gehiago ordaintzea" bultzatuko dute.
Beste hainbat ideia ere aipatu dituzte arlo berean: Gasteizerako autobus zerbitzua hobetzea, nagusientzako taxi zerbitzua ipintzea, Landako Gunea zabaltzea, merkatu plaza indartzea, agenda kultural bateratu bat sortzea, udal eraikinetan kooperatiba bidezko energia berriztagarriak kontsumitzea, edota tren geltoki zaharreko lursailaren proiektua herritarren beharretara egokitzea.