Osasun zerbitzuan euskararen erabilpena sustatzeko lana gertutik ezagutzen duzu.
Bai; izan ere, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea naiz. Orokorrean, osasun arloan euskara sustatzeko sortu zen erakunde hori. Berdin elkartearen aurkezpenera etortzeko gonbita jaso genuen, eta nire sostengua eskaini nahi izan diot.
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak ibilbide luzea dauka?
Orain 25 urte sortu zen. Baina, ikusten denez, osasun arloan oraindik lan asko dago egiteko.
Berdin elkarteak zer onura eskaini ditzakeela uste duzu?
Elkarte berriak gureari lagundu diezaioke. Osasun arloan euskarari beste bultzada bat emateko balio dezake. Gainera, beste arlo bat landuko du, erabiltzailearena. Nire ustez, erabiltzaileek izan behar dute osasunaren arloan euskara sustatzeko motorra. Langileek barrutik zein administrazioek egin beharrekoa egin beharko dute, baina soziologikoki ez badago eskaera bat, eta norbanakoak ez badira aktibatzen eta ahalduntzen, ez dugu lortuko. Elkarte honek esparru hori indartuko du.
Zelan lortu daiteke herritarrak aktibatzea?
Aurtengo Korrika amaierako mezuan Lorea Agirrek esan zuen moduan, “ez da hain inportantea izatea ala ez izatea; inportantea dena ekitea da”. Norberak bere lotsak kendu, ausardia hartu, eta bere hizkuntzan berba egitea. Hori oso alderdi garrantzitsua da. Eta badago horretarako aukera Osakidetzan.
Durangaldean zelakoa da euskaraz artatua izateko aukera?
Nire ustez, Durangaldean badago euskaraz artatua izateko aukera. Askotan erabiltzaileok ez dugu euskara erabiltzen. Beharbada, lehenengo, bitarteko egokiak aurkitu beharko lirateke, eta, ondoren, eskaintza hori bermatu.