Santa Anako arkuaren alboan egindako ekitaldian, Fran Garatek adierazi du hauteskundeetarako gogotsu daudela PPko kideak. "Aurpegi berriak" dakartzatela nabarmendu du: "Batzuek esperientziaz betetako motxila daukate, eta beste batzuok ilusioz betetakoa". Banketxeko langilea da Garate, eta lehenengo aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara. Bigarren postuan Josune Lopez kokatu dute, irakasle ohia izandakoa. Gastañazatorre hirugarren joango da; aurreko legealdian zinegotzi bi lortu zituen alderdiak, eta beraz, botoen gorabeherek erabakiko dute udalean sartzen den edo ez. Gaur egun zinegotzi ere baden Adrián Castro laugarren dago zerrendan.
PPko zerrendaburuak esan du krisi sasoian lana sustatzea izan behar dela lehentasuna, eta enpresa zein komertzioei laguntasuna eman behar zaiela. Durangorako proposamenekin jarraituz, gizarte laguntza zabaltzea eta herriko kirol zein kultur elkarteak laguntzea gura du. Gainera, tren geltoki zaharreko lurrak urbanizatzea beharrezko ikusten du, eta turismoa indartzea ere bai.