"Goienkalea hiltzen dabil, eta zerbait egin behar dugu"

Anboto 2015ko api. 17a, 09:18

“Ez dira betiko garai onenak...” Hertzainak taldearen abesti hura jendez betetako tabernetako bozgorailuetatik irteten zen Goienkalean, duela hamar, hamabost eta hogei urte. Jaiaren eta kontsumoaren sasoi biziak ziren. Baina gauzak aldatu egin dira, eta ez, ez dira garai onenak ostalarientzat. Bariku eta zapatuetako giroa ikaragarri bajatu da. Egoerari buelta eman guran, Sapuherri sustapen elkartea sortu dute Durangoko Alde Zaharreko 21 tabernek.  Gure Kabiyako Oihana Alakano eta Iñigo Garrido, Anboto jatetxeko Amagoia Martinez eta Kalekantoi tabernako Iker Arizmendiarrieta dira kide batzuk.


Alakanok kontatu du zerbait egiteko beharra ikusi dutela tabernariek: “Kalea hiltzen dabil, eta zerbait egin behar dugu. Ikusi dadila lan egin gura dugula, ez gaudela itxaroten. Bezeroek proposamen berriak eta mugimendua behar dituzte”.  Autokritika ere egin du, eta arazoari aurre lehenago egin behar zitzaiola uste du: “Gure partetik autokritika ere egon behar da. Momentu batean deskuidatu egin gara”. Elkartean Goienkaleko tabernak hasi ziren batzen, baina gero Alde Zaharreko beste hainbat ere gehitu zitzaizkien. Dendak Bai elkartetik apartekoa da; izan ere, bertan “hutsune batzuk” ikusten zituztela esan du Garridok, ez ei ziren euren beharrizanak asetzen. Gainera, udalagaz zuzeneko tratua eduki gura dute.

Ohitura aldaketak
Zerk eragin ote du kontsumoaren jaitsiera? Giroa sakabanatu dela uste du Garridok: “Lehen jende guztia Goienkalera etortzen zen, eta orain beste auzo batzuetan geratzen da”. Arizmendiarrietaren iritziz, gizartea aldatu da: “Sozializazio erak aldatu dira, eta jendeak ez dauka tabernetara joateko beharrik. Sare sozialak daude, lokalak... 26-30 urteko belaunaldiaren ostean galdu egin da ohitura”.

Krisiaren eragina ezin daiteke ukatu, baina Martinezek azaldu du kontsumoaren beherakada ez dela azken urteotakoa eta bat-batekoa izan: “Ez da azken bi edo hiru urtetik honakoa, duela hamabost urtetik dator”. Bere arabera, Goienkalean oraindik ere lan egiten da, “baina ez dago lehengo giroa”. Arizmendiarrietak dio ez dela soilik Durangoko arazoa, Hego Euskal Herrian Europako bizi ohituretara hurreratzen gabiltzala uste du, eta etxeratzeko ordua aurreratzea ipini du adibide. Gainera, kirolarekiko zaletasuna ere ugaldu egin dela dio, “XXI. mendeko droga” dela uste du. Bestalde, puntuen araberako gidabaimenak inguruko herrietako jende asko etxean geratzea ekarri duela dio.

Eskaintzera
Egoera ikusita, elkartearen oinarrietako bat gauza berriak eskaintzea izango dela azaldu du Arizmendiarrietak. Bere iritziz, “pintxo-poteagaz egiaztatu zen zerbait eskaintzen duzunean jendeak erantzuten duela”. Duela urte bi pintxo-potea egiten hasi ziren eguenetan, arrakasta handiz. Orain, barikuetako giroa da tabernarien ardura nagusia. Zapatuak ere ez dira libratzen, eta, adibidez, gaien araberako jaialdiak antolatzea hausnartzen dabiltza, “jai mexikarrak eta euskal produktuei lotutakoak”, besteak beste. Alakanok azaldu du herriko taldeekin elkarlanean prestatu gura dituztela ekitaldiak: “Elkarteek ideiaren bat badute, gugana etortzera gonbidatzen ditugu”.  
Lan egiteko gogoz eta indarrak batuta, garai onenak bueltatuko diren esperantza daukate Alde Zaharreko tabernariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!