Hamahirugarren aldiz etxean hartuko dituzte ume saharauiak

Anboto 2015ko api. 13a, 09:00

Herria auzo elkarteak Oporrak Bakean kanpainagaz bat egin du aurten ere, eta, horrela, udan ume saharauiak etxean hartzeko deia egin du. Dagoeneko, hamahirugarren aldia izango du elkartasun ekimenak Herriaren eskutik. Hauek dira helburu nagusiak: umeek 45 eta 55 gradu arteko tenperaturak saihestea, elikadura egokia eskaintzea, osasun azterketak egitea eta aisialdiaz gozatzea.


Bestalde, saharauien gatazkaren berri emateko balio behar duela ere adierazi dute Herriakoek. “Herri saharauiak duela ia 40 urtetik bizi duen gatazka, egunak pasa ahala, konpontzetik baino hurbilago dago okertzetik”.

Udan, hilabete birako etorriko dira umeak Durangora. Herria auzo elkartekoek diotenez, familiek eta norbanakoek hartu ahalko dituzte etxean. Bidaiaren gastuak auzo elkarteak hartuko ditu bere gain, eta udalak ere lagunduko du diruz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!