Ernairen ustez, Gastañazatorreren jarrera "Durangori eginiko erasoa" da

Anboto 2015eko apirilaren 7a

Juan Jose Gastañazatorre PPko zinegotzia nazi mozorrotzea eta bonbardaketaren aurkako adierazpena ez sinatzea gogor kritikatu du Ernai gazte erakundeak.

"Inori entzun ez dioguna esatera gatoz: herri honen oroimen-ariketari erasoa da, herri honi egindako erasoa". Kritika gogor horrekin baloratu du Ernaik Gastañazatorreren jarrera. Tenerifeko inauterietan nazi mozorrotu zen PPko zinegotzia, eta polemikak joan zen astean eduki zuen jarraipena, Durangoko bonbardaketaren harira udalak adostutako adierazpena ez zuelako sinatu. Ernaiko kideek pankarta bat eskegi zuten Andra Marian, eta lurrean etzanda bonbardaketaren biktimak izan zituzten gogoan. 

Baina Gastañazatorreren jarrera ez dela behar beste salatu uste du Ernaik. "Ez al du inork ezer esan behar? Edo komunikabideetako morbo hutsean geratu behar da guztia? EAJk esatekorik ez duela dio. Baina, hala da? Zer du PPk udalean aurkeztutako adierazpenaren kontra?".

Oroimena lantzeko beharra nabarmendu du gazte erakundeak. Bere arabera, instituzioek ez dute oroimena bermatuko, eta Durangon martxoaren 31ko ekitaldiak ipini ditu adibide: "Goizean, argazkirako, alderdiak izan dira protagonista; arratsaldean herritarrak". Horregatik, Ernairen iritziz herritarrak izan behar dira oroimenerako bermea: "Herria bera izan behar da errelatoaren kontaketa egiten duena".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!