Udal hauteskundeak 2015

Durango aldatu gura du Herriaren Eskubidea plataformak

Anboto 2015ko api. 7a, 12:18

Podemos-Ahal Dugu alderdiak eta hainbat herritarrek bultzatutako hauteskunde plataformak bere hautagaien zerrenda aurkeztu du. Julián Ríos, Durangoko Podemosen idazkaria, izango da alkategaia. Bere ostean, alderdiaren sorrerako eragileetako bat izan zen Neskutz Rodriguez kokatu dute zerrendako bigarren postuan.

Herriaren Eskubidea plataforma martxan dago Durangon. Durangaldeko Podemos-Ahal Duguk bultzatuta eta hainbat herritarren parte-hartzeagaz jaio da plataforma, eta Durango aldatu gura dutela azaldu dute. 36 urtez alderdi bera –EAJ– egon da gobernuan, eta hori aldatzea beharrezko ikusten dute. Adierazi dute plataforma independentea dela eurena, "injerentzia bakoa", eta Durangori begira sortutakoa. Udalak landutako inkestaren arabera, gobernua erabakitzeko giltzetako bat bihurtu daiteke Herriaren Eskubidea –aulki bi lortuko lituzke–.

Zerrendagaz batera, euren lan-ildo nagusien berri ere eman dute Herriaren Eskubidea plataformakoek. Batez ere gizarte eta ekonomia ikuspegiko neurriak proposatu dituzte. Adibidez, alkatearen soldata (74.000 euro) %33 bajatzea eta udalean liberatuta dauden zinegotzien soldata (56.000 euro) %50 bajatzea gura dute. Soberan geratuko litzatekeen dirua, pobrezian eta gizarte bazterketa egoeran daudenei laguntzeko erabiliko lukete. Hain zuzen ere, durangar bakar batek ere egoera hori ez bizitzeko lan egin nahi dute.

Bestalde, partaidetza eta gardentasuna dira Herriaren Eskubidea plataformaren beste ildo garrantzitsu batzuk. Politika "sakonetik" aldatzea beharrezko ikusten dute, eta lau urterik behin botoa ematea gutxi iruditzen zaie. Horregatik, erreferendumak edota auzo kontseiluak egitea proposatu dute. Euskara, etxebizita, udal ekipamenduak eta garraio publikoak ere badaude euren arduren artean.

Horrez gainera, berdintasuna zeharkako gaia dela uste dute, eta arlo guztietan landu behar dela.

Hauxe da zerrenda osoa:

  1. J. Julián Ríos Santiago
  2. Neskutz Rodríguez Ormazabal
  3. Jorge Varela Dorrio
  4. M. Juliana Perera Figueredo
  5. Francisco J. López Lakunza
  6. Gotzon Castillo Rodríguez
  7. Bixen González García
  8. Mari Carmen Brunet
  9. Aroa Lara García
  10. Arkaitz Barrios Onaindia
  11. Ana Moreno
  12. Odei Olaso Muñoz
  13. Iván Ramos Barajas
  14. Larraitz Barrios Onaindia
  15. María Cuadal Muriente
  16. Aitor Jáuregui
  17. Miguel Fernández
  18. Idoia Aguirre Campo
  19. Susana Cartón Perosanz
  20. Sarai Andrés
  21. Juan Carlos Rivas Conde
  22. María José Izagirre
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!