Martxoaren 31

'Bonbaketa eta durangarrak'

Durango 1936 Kultur Elkartea 2015ko mar. 26a, 15:03
Martxoaren 31n, Andra Marian antolatutako ekitaldia.

Durango 1936 Kultur Elkarteak Durangoko bonbardaketaren inguruko hausnarketa plazaratu du. Besteak beste, ondorengo gogoeta egin du elkarteak: "Baina Durango eta durangarrak diferenteak gara: ahanztura da gure leloa. Ahaztu eginez gero, hobe; zauriak horrela osatzen ei dira. Ahanztura da ukendurik estimagarriena. Inoiz kanpotarrak gugana hurreratuta eta Durangok zelan oroitzen duen bonbardaketa erakutsi behar izan diogunean, lotsak hartu gaitu Elizpeko brontzezko plakaren aurrean".

Badira 78 urte faxisten bonbek gure herria txikitu zutena. Badira 78 urte krudelkeria neurrigabea durangar guztien kontra gauzatu zena: ehundaka hildako, ehundaka zauritu, ehundaka biktima eta herria birrinduta.

 

Urteak joan, urteak etorri, azken 30 urteetan martxoaren 31ero krimen lazgarri hori gogoan izateko, eta biktima guztiei nolabaiteko atxikipena erakusteko, herritarrak Elizpean ekitaldi xume batean elkartu egiten gara. Aurten ere elkartuko gara, betiko legez, arratsaldeko 8etan.

 

Baina kontua da badela ordua orain arte gertaera lazgarri hau gogorarazteko egin dugunaz hausnarketa egin dezagun. Zer eskaintzen dio Durangoko herriak bere historian zehar ezagututako egunik gogorrenari eta gupidagabeenari? Zelan du oroimenean Durangok egun gorri hori urtean zehar? 1. Brontzezko plaka bat Elizpean. 2. Gerran hildako guztiak ustez omentzen duen monolitodun Kapilla kristaua hilerrian.

 

Inork uste al du Europako edozein herritan horrela gogoan hartuko luketela halako egun hori? Bizkaiko herri bonbardatuetara hurreratzea baino ez dugu. Baina Durango eta durangarrak diferenteak gara: ahanztura da gure leloa. Ahaztu eginez gero, hobe; zauriak horrela osatzen ei dira. Ahanztura da ukendurik estimagarriena. Inoiz kanpotarrak gugana hurreratuta eta Durangok zelan oroitzen duen bonbardaketa erakutsi behar izan diogunean, lotsak hartu gaitu Elizpeko brontzezko plakaren aurrean.

 

Baina zer eta zelan egin martxoak 31ko bonbardaketa eta faxismoaren gordinkeria guztia ikusarazteko? Ez dugu urrun joan behar, badugu eta auzokoek egin dutenean adibide argia:

-bonbardaketaren inguruan durangarrok ditugun eskubideak ezagutu

-lekukotzak bildu (biltzen jarraitu)

-bonbardaketaren kalteak zehaztu

-bonbardaketaren inguruan ikertu (ikertzen jarraitu)

-bonbardaketaren gunea egin

-bonbardaketaren erantzuleei erantzukizunak eskatu (Italiako eta Espainiako Armadak)

-bonbardaketaren kalteak eskatu

-gure agintariei eta herri-erakundeei ildo honetan lan egin dezaten eskatu

 

Bonbardaketaren 75. urteurrenean Durangoko Udalbatzarrak zera onartu zuen hitzez hitz Premiatzen ditugu Espainiako eta Italiako Gobernuak, Durangok 1937ko udaberrian jasandako bonbaketen egileek izan zirelako, kondena dezaten herritarren eta ondasunen aurka eginiko delitu basatiak… Durangoko Udalbatzarrak bere gain hartzen du eskari hau Espainiako eta Italiako Gobernuei helarazteko.

 

Zertan da kontu hau? Zer egin da? Badugu erantzunik? Erantzunik ezean zer bide jarraitu beharko genuke? Zertan ari dira gure agintariak eta ordezkariak?

DURANGO 1936 KULTUR ELKARTEA.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!