Plateruenak aurrera egingo du, herritarrek eta udalak diruz lagundu ostean

Anboto 2015ko mar. 25a, 08:44

Proiektuaren hasierako obragatik geratzen zen zorra kitatzeko 250.000 euro behar zituen Plateruenak. Erdia herritarren ekarpenei esker jaso du, eta beste erdia Durangoko Udalaren laguntzari esker. Atzo onartu zuen udalbatzak, aho batez. Bihar, eguena, ospakizun jaia egingo dute 19:00etan.

Plateruenak ...eta urte askotarako! ekarpen kanpaina hasi zuen 2014ko udazkenean, zorrari aurre egin eta proiektua aurrera begira bermatu ahal izateko. Izan ere, sorreratik zetorren zor hori kenduta, egitasmoa bideragarria dela esan izan dute kulturgune herritarreko arduradunek. Baina, beharrezko zuten banketxeekin zeukaten zorra kitatzea. Herritarren ekarpenekin erdia bete zuten, eta gainerakoa lortzeko udalari inplikazioa eskatu zioten. Plateruena duela hamar urte herri ekimenetik sortutako proiektu zabala da, kultura eta euskara sustatzeko jaioa, eta eraikina udalaren jabegokoa da.

Horrela, Plateruenak kultur proiektua lantzen jarraituko du aurrerantzean. Hain zuzen ere, ekarpenen kanpainaren aurretik proiektu hori berridazteko gogoeta prozesua burutu zuen herritarrekin batera. Gestio parte-hartzailea garatzea ondorioztatu zuten, eta horretarako lan-taldeak sortzea (martxan daude iazko udatik). Gainera, herriko elkarte eta sortzaileen elkargune izatea ere onartu zuten, eta sortzaileen kasuan laguntzarako gune ere bai. Bestalde, Platerueneko egitasmoaren etenbako transmisioa beharrezkoa dela adierazi zuten prozesuaren ondoioetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!