Erosketa tiketa ez ematearren, 3.000 euroko isuna

Anboto 2015ko mar. 20a, 14:26

Ogasuneko behatzaileak Durangoko taberna eta denda batzuetan ibili dira azken egunetan, erosketa-tiketak ematen direla egiaztatzen. Tabernari edo dendariak ematen ez duen tiket bakoitzeko 600 euroko isuna ezartzen dute. Alex kafetegian, adibidez, 3.000 euroko espediente bat egin diete, bost tiket ez emateagatik.

Eguaztenean agertu zen Ogasuneko behatzailea Durangoko Alex kafetegian. Tabernariak bost edari atera zituen behatzailea han egon zen bitartean, eta kontsumitzaileei erosketa-tiketa ez ematearren isuna jasoko zuela azaldu zion Ogasunekoak. Hain zuzen ere, tiket bakoitzeko 600 euroko isuna. Beraz, 3.000 eurokoa guztira. Alexeko tabernariak azaldu du suminduta daudela isunagatik, eta espedientearen azken agiria jasotzen dutenean diru kopurua murritzagoa izatea espero dutela.

Tabernariak ez du ulertzen zurito edo ardo bategatik tiketa eman beharra. "Beste gauza bat litzateke salmentak ez erregistratzea. Baina guk guztia deklaratzen dugu".

Durangon arin zabaldu da Ogasuneko behatzaileen bisitaren gaia, eta taberna zein denda askotan tiketa ematen hasi dira ondorioz. Gaur goizean zehar Zornotzako hainbat tabernatan ere izan dira Ogasuneko behatzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!