19. Korrika

Euskahaldunak: Bi euskaltzaleren esperientziak lehen pertsonan kontatuta

Anboto 2015ko mar. 20a, 09:00

Fernan Ruiz eta Julio Aranguena

Fernan Ruiz AEKn eskolak ematen ibilia da, eta azken urteetan Berbaro euskara elkartean dabil euskara teknikari. Julio Aranguena, berriz, AEK-ko arduraduna da. Biak dira euskaldun berriak, eta, nahi izanez gero, euskahalduntzea posible dela erakusten dute kasu bi hauek.


Zelan erabaki zenuten euskara ikastea?
Julio Aranguena: Umetatik nuen nahiko argi aitaren hizkuntza –euskaldunen hizkuntza– ikasi eta erabili behar nuela. Aitaren hizkuntza diot, amak –ulertu arren– ez zuelako euskaraz berba egiten. 19 urte nituela, umetako asmoa gauzatu nahian, euskara ikasten hasi nintzen Durangoko Abarrak AEK euskaltegian. Bertan bi urte eman nituen eskolak hartzen, eta, bitartean, udan, Kortezubiko barnetegian egon nintzen mintzamena lantzen. Sasoi hartan euskararik apenas entzuten zen kalean, ez zen eskola publikoetan irakasten, ez eta pribatu gehienetan ere, eta gure gizarte txikitik desagertzeko zorian zegoen. Hala ere, urte batzuk lehenago izandako Francoren heriotzak garai hobearen itxaropena ekarri zion orduko gizarteari, baita Euskal Herriari eta euskarari ere. Hala, euskal herritarrongan herri kontzientzia zabalduz joan zen, eta horrek euskara ikasteko motibazioa handitzea eragin zuen. Seguru asko, Amets Arzallusen antzera, neuk ere pentsatuko nuen honelako zeozer: “Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen”.
Fernan Ruiz: Nire kasuan, gure ama euskalduna zen, eta umetan etxean euskaraz egiten genuen. Nerabezarora heldu arte, aita kanpotarra zenez, euskara eta gaztelania izan ziren etxeko hizkuntzak. Beraz, neurri batean, euskaldun jaio nintzen. Ondoren, erdalahaldundu egin nintzen. Durango herri oso erdalduna zen, eta esparru guztietan erdara zen komunikaziorako hizkuntza. 60ko eta 70eko hamarkadei buruz ari naiz. Udala frankista zen, eta horrek ere bere eragina izan zuen. 1979an soldadutzara joatea tokatu zitzaidan. Horrek balio izan zidan nor naizen konturatzeko. Barruan lo nituen sentimendu identitario batzuk iratzarri zitzaizkidan. Itzultzean, gau eskoletan hasi nintzen euskara ikasten.  

Sasoi horretan imajinatzen zenuten zuen ogibidea euskararen ingurukoa izango zela?
J.A.: 21 urteko gaztea nintzen, Ibon Aromak, sasoi hartako Durangoko AEK-ko gau eskolaren arduradunak, ikastaro batean parte hartzera gonbidatu ninduenean, euskara eskolak ematen ikasteko. Nik gustuko nuen euskara, eta baita euskaradunak sortzea ere, eta, beraz, baietz esan nion, parte hartuko nuela. Ikastaroa egin eta handik gutxira berriro deitu zidan Ibonek. Nahi zuen eskolak ematen hasi nendin. Nik, eskaintza larregi aztertu barik, baietz erantzun nion. Horrela hasi nintzen AEKn lanean; hasi, eta orain arte jarraitu. Eta ziur diot glotodidaktika ikastaro hartan esku hartu zuen 21 urteko gazte hark ez zuela pentsatzen 53 urteko gizon hau zeregin eta ardura berberetan ibiliko zenik; ezta hurrik eman ere.
F.R.: Nik fabrika batean egiten nuen lan, administrazio kontuetan. Han ere euskarak balio izan zidan bezero batzuekin euskaraz jarduteko. 80ko hamarkada sasoi gogorra izan zen hainbat arlotan. Metal arloan nenbilen, eta krisi handia zegoen. Lantegia txarto zebilen, eta alde egin nuen. Beste bide batzuk topatzen hasi nintzen, eta AEKn jendea behar zen. Euskalduntzea gorantz zihoan, eta lana eskaini zidaten.

Euskaldun berriaren paperean egon izanak laguntzen dizu ikasleen egoera ulertzen?
J.A.: Nik baietz esango nuke. Izan ere, ikasle nintzela izan nituen zalantzen, gainditu behar izan nituen oztopoen eta bizi izan nituen egoeren oso antzekoak izaten dituzte oraindik orain hainbat eta hainbat ikaslek; eta antzekotasun horrek dezente laguntzen dit ikasleen beharrak asetzen. Edo hori uste dut.
F.R.: Hasieran beharbada ez, baina urte batzuetako esperientziagaz uste dut baietz. Orain ez naiz irakasle, eta gehiago ulertzen ditut. Ikasleentzat ahalegin handia da. Berbalagun talde batean nago, eta taldean badago ikasten dabilen baten bat. Beti esaten diet ezin dela sufritzera joan euskara ikastera doazenean. Ez euskara, ez beste ezer ezin da horrela ikasi. Beste modu batera bizi behar da hori. Ulertzen dut batzuek ahalik eta arinen ikasi gura izatea, baina gaurtik biharrera ezin da izan. Bestalde, gaur egun, ikasteko motibazioa, neurri handi batean, instrumentala da; lantokian euskara eskatzen digutelako joaten gara ikasten. Ondo dago, baina osagai identitarioa galdu egin dugu.

Zelan bizi duzue zuek Korrika?
J.A.: Guretzat, AEK-ko langileontzat, Korrika urtea lan gehigarrien urtea da. Denetarik egin behar izaten dugu. Bestalde, Korrika lehergailu emozionala da euskaltzale guztiontzat, eta euskararen aldeko motibazio-
bonbak jaurtitzen ditu etenik barik, zeharkatzen dituen lekuetatik Euskal Herriko toki guztietarantz.
F.R.: Beste jaialdi handiekin ezin daiteke alderatu. Mezua zabaltzeko oso egokia da, eta hunkigarria ere badela esango nuke. Edizio guztietan parte hartu dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!