Martxoaren 31

Durangoko bonbardaketaren aztarnak erakutsiko dituzte, Martxoaren 31ko urtemugan

Anboto 2015ko mar. 18a, 13:38

78 urte beteko dira martxoaren 31n faxistek Durango bonbardatu zutenetik. 300 hildakotik gora eragin zituen eraso horrek, zaurituak ere ugari, eta herrian suntsipen handia ekarri zuen. Hain zuzen ere, eraikinetan eta etxeetako hormetan bonbardaketak utzitako aztarnak erakutsiko dituzte martxoaren 28an. 10:30ean irtengo da ibilaldi gidatua, eta lekua mugatua denez,  94 681 80 66 telefonoan apuntatzea eskatu dute.


Aitziber Irigoras alkateak eta Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak eman zuten ekintzaren berri, martxoaren 31ren harira landutako egitarauaren aurkezpenean. Irigorasek adierazi zuen Durango “tragedia baten biktima” izan zela: “Durangon ez beste inon berriro gertatu ez dadin, iragana ondo aztertu eta ondorengoei azaldu behar diegu”. Irazabalen berbetan, gazteekiko transmisioari garrantzia eman nahi izan diote Kriskitinegaz batera landu duten 31ko Oroimen Ekitaldian, eta Izaro Andres kantariak eta Eneko Sagardoy aktoreak parte hartuko dute. 20:00etan hasita, lore eskaintza Gregorio Urionaguenak eta Juana Lejarretak egingo dute. 12:00etan, Gerra Zibilaren biktimak omenduko ditu udalak kanposantuan.

Martxoaren 31 oroitzeko egitaraua

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!