Lan Ikuskaritzak “arau-hauste larria” ikusi du udalaren Enplegu Planean

Anboto 2015ko mar. 18a, 08:00

EH Bilduko udal ordezkariek eman dute ebazpenaren berri, prentsaurrekoan. Enplegu Planaren atzean “dirua aurrezteko asmoa” egon dela uste dute.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Enplegu Planaren barruan, Lanbidek 162.000 euro eman zizkion Durangoko Udalari, eta azken horrek sei hilerako hamabi behargin kontratatzea erabaki zuen brigadako lanetarako. Baina kontratazio hori gizarteratzea sustatzen duen Zabaltzen-Sartu erakundearen bitartez egin zuen. Beharginei sektoreko hitzarmena ezarri zitzaien, udal hitzarmena beharrean. Horrela, sei hileko epean, bakoitzak 3.000 euro gutxiago jaso zituen, ELA sindikatuak urrian egindako kritikaren arabera. Gainera, brigadan zazpi behargin bajan zeuden; beraz, langileak behar ziren. ELAk salaketa ipini zuen urrian, “kontratazioa ilegala” zelakoan, Zabaltzen-Sartu ez delako aldi baterako enpresa. Bada, Lan Ikuskaritzak eman du ebazpena: “Arau-hauste larria” ikusi du.

EH Bilduko kideek eman dute ebazpenaren berri. Azaldu dute udalean ez dietela ebazpen hori erakutsi, baina beste bideren batetik irakurtzea lortu dutela. Urrian ELAk esan bezala, udalaren erabakiaren atzean “dirua aurrezteko asmoa” ikusi dute EH Bildukoek: “Langileen kontura egin dute. Lotsagarria da”. Azkenean, baina, ez dela dirurik aurreztu esan dute. Izan ere, kontratazioaren gastuetarako 73.000 euro erabili zituen. Diru horregaz, udal hitzarmena estali zitekeela ohartarazi dute. Ikuskaritzaren ebazpenaren ondorioa isun bat izango dela uste dute, eta ez langileei dirua bueltatzea, otsailean amaitu zirelako kontratuak.

Martitzeneko udalbatzarrean, udal zerbitzuen azterketa bat egitea proposatuko du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!