Zapatuko eraso sexista salatu dute mobilizazioan

Anboto 2015ko mar. 5a, 13:19

Joan zen zapatuan eraso sexista bat gertatu zen Landako Gunean antolatutako 40 Minutu Rock jaialdian. Neska erasotuak ipini zuen salaketa Ertzaintzan, eta kontatu zuen mutil bat ukitzen ibili zitzaiola. Ikerketa zabaldu zuten ertzainek, baina oraindik ez dute inor atxilotu. Erasoa salatzeko mobilizazio bateratu batera deitu zuten eguaztenerako Bilgune Feministak eta jaialdiko antolakuntzak, eta 80 bat lagunek parte hartu zuten.


Bai 40 Minutu Rocken, bai bestelako jaialdi handietan, eraso sexistak aurreikusteko lanketa garrantzitsua dela adierazi dute elkarte biek, mobilizaziora deitzeko bidalitako oharrean. Zapaturako protokolo bat zegoela azaldu dute, baina ez zela nahikoa izan. “Argi geratu zen eraso sexisten aurkako protokoloa izatea ez dela nahikoa erasoak saihesteko. Ezinbestean, espazio honetan parte hartzen dugun guztion erantzukizuna da”. Era aktiboan zein pasiboan erasoa babesten duen oro erasotzaile bihurtzen dela uste dute.
Udalak ere erasoa salatu, eta erasoa jasan zuen neska babestu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!