Etxe hutsak alokairu sozialean ipintzeko deia egin dute

Anboto 2015eko martxoaren 4a

Eusko Jaurlaritzak Alokabide zerbitzuaren berri eman zuen joan zen asteburuan, Durangon, Andra Mariko elizpean ipinitako stand batean, eta etxe hutsak alokairu sozialean ipintzeko gonbidapena egin zien herritarrei.

Hain zuzen ere, etxejabeen eta alokairuan bizi gura dutenen arteko bitartekaritza egiten dute Alokabide zerbitzutik. Eskatzaileei diru-sarreren araberako kuota jartzen diete, eta etxejabeei hileroko errenta zein etxearen egoera ona bermatzen dizkiete. Arduradunek azaldu dutenez, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 80.000 etxe daude hutsik, eta horien erdiak alokairura bideratzeko aukera dago. Horregatik, alokairu soziala indartu guran, herri askotan dabiltza kanpaina egiten.

375 eskatzaile
Gaur egun, Durangoko 132 etxe daude Eusko Jaurlaritzaren alokairu programan, eta ez dute eskaera asetzen. Izan ere, 375 dira Alokabiden izena emanda duten durangarrak.

San Rokeko etxeak
Bestalde, San Roken eraiki dituzten babeseko etxeetan, oraindik 33 daude saldu barik, eta etxe horiek alokairu publikora bideratzeko proposamena onartu zuen udalbatzak. EH Bilduko zinegotziek proposamen horren berri eman diote Visesari, promozioaren sustatzaile den Jaurlaritzaren menpeko enpresari. Koalizioaren esanetan, gestio hori egiteko dauden aukerak aztertu dituzte Visesako ordezkariekin. Baina, egoera aldatzeko, “borondate politikoa” behar dela dio, “eta gaur egun EAJren udal taldean ez dago”. EH Bilduk ahalik eta etxe gehien durangarren esku jartzea gura du. “Planteamendu orokor bat behar da garatu barik dauden lurzoru publikoen zein hutsik dauden etxebizitzen inguruan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!