Irailean, obra lizitatzean, Euskotreneko instalazio zaharrak kentzen 2014a amaitu aurretik hasiko zirela iragarri zuen Oregik, eta martxoan bada ere, bihar hasiko dira lanak. Irailean azaldutakoaren arabera, 550.000 euroko aurrekontua dauka Eusko Jaurlaritzak, eta hiru hileko epea daukate. Gainera, trenbide zaharra eta elektrizitate sarea kentzea ere badago egitasmoan; horretarako, milioi bat euro erabiliko dituzte, eta bost hilabetetan gauzatuko dute.
Obra amaitzean, 62.000 metro karratuko espazioa libre geratuko da Durango erdian, eta baita Iurretako Santa Apolonitik Traña-Matienaraino doan trenbide zaharreko tartea ere.
Espazio librean zer?
Durango Operazioaren egitasmoa aldatu egin da hasierako planetik. 62.000 metro karratuko eremuan luxuzko bost etxe dorre, Eusko Trenbide Sarearen egoitza berria, eliza bat eta aisialdirako gunea aurreikusi zituzten. 2010ean ETSren egoitza ez egitea erabaki zen, eta etxeak egingo diren ere ez dago argi, krisiarengatik. Eliza ere ez da egingo, udalbatzak hori erabaki zuelako iaz. Aisialdi gunerako 37.000 metro karratu daude, eta skate gunea, anfiteatroa eta parkea –Bildu eta Aralarren proposamenak– barneratu dira proiektuan.