Oier Araolaza: "Gizartean aurkitu dezakeguna aurkitu dezakegu dantzan, lehen eta orain"

Anboto 2015ko ots. 27a, 09:00

Oier Araolaza dantzari eta antropologoak dantza genero ikuspuntutik aztertuko du gaur, 19:00etan, Platerueneko Berbertan zikloan. Araolazaren elkarrizketak jakinmina sortu du dantza arloan. Izaskun Ellakuriaga kazetaria izango du elkarrizketatzaile.Oier Araolaza kazetari eta antropologo ezaguna da dantzaren munduan. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia dantza taldeetan dabil. Dantzari eibartarrak dantza tradizionala generoaren ikuspuntutik aztertu du Platerueneko Berbertan zikloan.


Genero bereizketa betidanik egon da dantza tradizionalean?
Dantza tradizionala gizartearen adierazpen bat da . Beraz, gizartearen isla besterik ez da. Gizartean aurkitu dezakeguna aurkitu dezakegu dantzan, lehen eta orain. Historiari begiratuz gero, ikusten dugu momentu batzuetan beste batzuetan baino jarrera zurrunagoak egon direla generoaren gaiarekiko. Berdintasunaren ikuspuntutik, garai batzuk lasaiagoak izan dira eta beste batzuk zailagoak. Hala ere, emakumearen parte-hartzea dantzan uste duguna baino zabalagoa, ohikoagoa eta arruntagoa izan da, nahiz eta ia garai guztietan borrokatu behar izan duen debekuen eta plaza publikoa monopolizatzeko gizonezkoek eginiko ahaleginen kontra. Eraiki dugun mutil dantzariaren irudia aurkaritza horretatik abiatu da.

Ezpata dantzariak eta hilanderak zelan sortu ziren?
Poxpolinak XX. mendean asmatu ziren, hain zuzen ere, ordura arte mutilek betetzen zituzten dantzen ondoan emakumeentzat espazio bat sortzeko. Ondorioz, dantzarako bi estereotipo eta bi eredu, bi ibilbide eta bi jantzi sortu dira. Eta, gaur egun, toki askotan hortxe dugu arazo latza. Hau da, dantza asko mutilekin identifikatzen dira, baina dantza horiek dantzarien dantzak
dira. Eta ez du zertan emakumeen zein gizonen dantza izan.

Garai batean ematen zuen gizonen eta emakumeen dantzak zeudela. Egoera aldatzen dabil?
Gauzak askoz ere konplexuagoak direla esango nuke. Garai batzuetan eta toki batzuetan egon dira dantza batzuk gizonezkoek dantzatzen zituztenak, eta beste dantza batzuk emakumeek dantzatzen zituztenak. Beste askotan, dantzak ziren bakarrik; generoa kontuan hartu gabe dantzatzen ziren. Esango nuke kasu askotan gaur egungo ikuspuntutik mutilen dantzatzat ditugun askok bere momentuan ez zutela genero markarik. Dantza erritualak, ikuskizunetan egiten ziren dantzak ziren. Gertatzena dena da garai hartan espazio publikoaren monopolioa gizonezkoena zela. Baina horrek ez du esan nahi dantza haiek gizonezkoenak zirenik. Oso zaila da hor mugak jartzea. Esate baterako, garai batean alkateak gizonezkoak ziren, baina horrek ez du esan nahi emakumeak ezin zirenik alkate izan. Emakumeei ez zitzaien baimentzen espazio horretara sartzea. Legeak aldatu direnean eta berdintasunean pauso txiki batzuk eman direnean, emakumeak alkate izan dira.

Eta bikoteen dantzetan generoen funtzioa oso markatuta dago.
Bikotean oinarritzen diren dantzak ere badaude. Generoetako bakoitzak posizio bat hartu du hor, eta funtzio bat hartu du. Dantzakera eta paper bat hartu du. Heldutako dantzetan, adibidez, balsean eta pasodoblean, joera izan da bikote bakoitzean genero biek lekua izatea, eta bakoitzak paper bat izan du. Tangoan askoz ere nabarmenago ikusten da. Batek agindu egiten du, eta besteak jarraitu egiten dio. Jotetan, sokadantzako parte batzuetan izan dira. Hor ere gauzak ez dira hain zurrunak. Genero berekoek ere parte hartu zezaketen bikoteka ziren dantzetan. Bakoitzaren posizioa ere kolokan geratzen da. Ildo horretatik tangoaren munduan gauza interesgarriak gertatzen dabiltza. Genero bereko dantzariekin osatutako bikoteak. Horrek oinarri guztiak zalantzan jartzen ditu. Esaten da dantzan egitea motorrean joatea bezalakoa dela. Bi joan daitezke motor berean, baina batek gidatu behar du motorra, bakoitzak bere aldera eraman gura badu, bazterreko zuloan bukatu dezaketelako. Tangoaren kasuan, hasieran mutilak mutilekin dantzatzen ziren. Estereotipoak sortzen ditugu, eta sorrera ahaztu egiten dugu. Eta, gainera, arauak sortzen ditugu hasierara ez gaitezen bueltatu.

Generoaren gaiak dantza taldeak kezkatzen ditu?
Boladaka. Badaude talde batzuk gaia aztertzen eta ahalegina egiten, baina gizarteagaz batera doala esango nuke. Ematen du orain urrats bat aurrera ematen gabiltzala, baina aurrerago atzera egiteko arriskua dago. Informazio falta dagoela esango nuke. Oro har, gure dantzen historiaz informazio gutxi dugu, eta horrek dena baldintzatzen du erabakiak hartzerako orduan. “Hori ez da inoiz horrela egin”, esaten dute batzuek. Dantza taldeetan badagoenez tradizioagaz jarraitzeko borondatea, zerbait inoiz egin ez bada, kosta egiten da orain egin daitekeela planteatzea. Eta, historia ezagutzen ez dugunez,  “horrela egin da beti” esaten dugunean, gehienetan gezurra esaten dugu, nahiz eta gu horren jakitun ez izan.

Euskal dantzak zelako egoeran daude?
Orokorrean, uste dut komunikabideek eragin handia dutela. Administrazioak ez du dantzekiko interes handirik. Horrek eragiten du gauza batzuetan gabezia handiak izatea, eta nahiko herren ibiltzea. Kontrara, ikusten dut testuinguru oso negatiboa izan arren, giroa dantzaren aldekoa ez izan arren, izugarrizko parte-hartzaile eta zale kopuru handia duela dantzak. Ez du gizartearen zati handi bat hartzen, baina zati txiki horrek dinamika handia du. Ia herri guztietan daude dantza taldeak. Gazteen artean, zalantzan jartzen da gazteek kulturan duten inplikazio maila. Gazteak oso jarduera gutxitan inplikatzen dira, baina, bitxia bada ere, dantzan gazte asko inplikatzen da. Alde horretatik, pozgarria da pentsatzea dantzak ematen diela gazteei eta zaleei zerbait eskertzen duguna edo bilatzen duguna gure bizitzan.  

Durangaldean, gizonezkoen Ezpatadantzari Egunari gehitu zaio Dantzaroa.
Dantzaroak eredu bat erreproduzitzen du, baina ez dio arazoaren muinari kolpe egiten. Eremu estankoak markatzen ditu, nahiz eta parte hartzen duten askok kontrakoa pentsatu; hau da, emakumeek berdintasunean dantzatzeko aukera bat dela. Praktikan kontrakoa da, emakumeari adierazten dietelako euren esparrua zein den, ez dezaten muga gurutzatu.

Iurretako Urrixenan aurten emakumeek ere parte hartu dute.
Gauza bera da. Parte hartzen hasi dira, baina zertan? Aitortuak zaizkien dantzetan; gorularien estanpan eta erregeletan orain urte batzuk aitorpen bat egin zelako. Ez euskaldunon hitzari eta bideari esker, baizik eta kanpotar batek, Humboltek, orain berrehun urte esan zuelako emakumeak sokadantzan ikusi zituela Iurretan, eta ebidentzia horren aurrean onartu behar izan zuten emakumeek ere dantzatu zitzaketela erregelak. Humboltek ez zituenez neska ezpata dantzariak aipatu, eremu hori ez da planteagarria. Horrela, Urrixenan badakite emakumeak zertan dantzatu daitezkeen: zinta dantzan, arku dantzan, gorularien estanpan eta erregeletan. Ba ote dago inolako arrazoirik emakume batek ezpata dantza edo dantzari dantza ez egiteko?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!