Eguerdiko 12:30ean inauguratuko dute azokaren aurtengo edizioa. Hortik aurrera, tailer eta berbaldi ugarik jantziko dute Landako Guneko egitaraua. Durangar batzuk ere izango dira protagonista; adibidez, Maristak ikastetxeko irakasle Luis Sutilek bere auto hibridoa erakutsiko du, eta bere esperientzia kontatuko du. Leire Gorroñok, ostera, energiaren planifikazioaz berba egingo du. Bestalde, aktualitateagaz lotutako gaiak jorratuko dituzte egunotan. Esaterako, AHTa eta frackinga izango dituzte berbagai Berdeago azokako berbaldietako batzuetan. AHTaren kasuan, Iñaki Barcena eta Roberto Bermejo irakasleek egingo dute berba, eta frackingari buruz Mikel Oterok, Fracking Ez! Euskadi plataformakoak.
Durango, epizentro
Aitziber Irigoras alkateak azokaren aurkezpenean esan zuenez, Durango, “ingurumenaren aldeko ekintzen epizentro” bihurtu gura dute Berdeago azokagaz. Milaka bisitari jasoko ditu herriak.
Bihar eta etzi 10:00etan zabalduko dituzte Landako Guneko ateak. Itxi, berriz, gaur eta bihar 20:00etan, eta domekan 19:30ean.