Minbizia eta Marea laranja

"Minbizia duen gaixoari laguntzeko giltza positibismoa da"

Anboto 2015ko ots. 20a, 09:15

Gabriel Otalora AECCren Bizkaiko Gerentea eta Montse Llorente, AECCren Durangoko batzordeko presidentea

Zelan zaindu minbizia duten gaixoak eta haien senitartekoak? Arreta psikosozialagaz lotutako galdera horri erantzuteko asmoz, topaketa egin zuten eguaztenean, Durangon, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) antolatuta eta Bizidun nagusien elkartearen babesagaz. Montse Llorente eta Gabriel Otalora izan ziren hizlarietako bi, eta adeitasunez sakondu dute gaia ANBOTOgaz izandako solasaldian.

Minbiziaren aurkako mugimenduan jo eta ke dabiltza biak. Llorente AECCren Durangoko batzordeko kidea da, eta gaixo zein senideei bere borondatez laguntzen dabil duela 48 urtetik. Gaixoak zaintzean baikortasunez jardutea da garrantzitsuena bere ustez: “Minbizia duen gaixoari laguntzeko giltza positibismoa da, ahalik eta animo gehien transmititzea”. Gainera, entzuten jakitea ere beharrezkoa dela uste du.

AECC elkartekoak eta Bizidun elkartekoakAECCren Bizkaiko gerentea da Gabriel Otalora. Bere iritziz, jarreraz gainera, badago beste giltza bat: afektibitatea. “Maitasuna, arreta eta sentsibilitatea” ei dira hori eskaintzeko tresnak. Llorentek eta Otalorak ez dituzte positibismoaren eta maitasunaren berba horiek arinkeriaz erabili. Benetan sinisten dute horretan. Izan ere, Otalorak kontatu du gaur egun inoiz baino gehiago berba egiten dela egoera animikoaren eta gaixotasunaren arteko konexioaz ikuspuntu zientifiko batetik: “Pertsona bat psikologikoki garaituta eta minduta sentitzen denean, osatzeko prozesuak gehiago zailtzen dira. Ondorio horretara ailegatzen gabiltza. Egoera animiko ona eta indar espiritual handia daukatenen artean, ostera, eragin zientifiko harrigarriak sortzen dira”.

150 boluntario, 1.600 gaixo
Prebentzioagaz eta ikerketarako diru-bilketagaz batera –2015ean 300.000 euro bideratuko dituzte–, arreta psikosoziala da AECCren lan-lerro nagusietako bat. Ospitaleetan nahiz etxeetan garatzen dute, eta 150 boluntarioz osatutako sare bat dauka horretarako. Boluntarioak hezten ditu lehenik, eta horiek gero hainbat eratara egiten dute ekarpena: gaixoekin berba egin, haien ondoan egon, ospitalera lagundu... Llorentek dioenez, gaixo horietako askok ez dute nogaz egon, bakarrik daudelako: “Badago jendea kimioterapia hartzera bakarrik joaten dena. Badirudi ezin dela hori gertatu, baina gertatzen da”.

Minbiziak gizartean duen eragina erakusten duten datuak eman ditu Otalorak: Bizkaian 2014an ia 1.600 gaixogaz egon ziren; 900 laguni eskaini zieten arreta soziala, 3.000 bisitaren bitartez, eta 680 lagunek jaso zuten laguntza psikologikoa, 6.000 saiotan.

“Transmisio soka”
Hamalau lagunek osatzen dute Durangoko batzordea. Informazio kanpainak zabaldu eta dirua batzeaz gainera, beharra dutenekin “transmisio soka” izatea ere egokitzen zaie, Llorentek kontatu duenez. Oheak eta gurpil aulkiak lortzen ibiltzen dira, esate baterako. Laguntzen hasi zeneko sasoia gogoratu du: “Kutxagaz dirua batzen joaten ginen, eta ia bota egiten gintuzten. Gaur egun, hurreratu egiten da jendea. Zoritxarrez, zer familiatan ez da tokatu?”.
Llorentek berak ere ondo baino hobeto ezagutu du minbizia. Amak eduki zuen lehenik, eta gainditu egin zuen. Gero, duela hogei bat urte, bera gaixotu zen. Borroka hura irabazi zion minbiziari, eta gainerako gaixoekin borrokan jarraitzeko asmoa dauka: “Ez dut inoiz uzteko asmorik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!