Ikasleek txirrindulari ohien aholkuak entzun dituzte

Anboto 2015ko ots. 13a, 09:56
Atzo, Kurutziaga ikastolan egindako ginkana.

Ikastetxeetatik berbaldi erronda hasi dute txirrindulari ohiek. Stop Accidentes elkarteak antolatutako ekimena da, eta asteon Kurutziaga ikastolan egin dute lehen saioa. Teoriari buruz berba egin ostean, Pedro Horrillo eta Unai Etxebarriagaz ginkana egin zuten.

Stop Accidentes elkartearen eskutik, bizikletan era egokian eta seguruan ibiltzeko aholkuak jasoko dituzte Durangoko hainbat ikaslek. Duranguesa txirrindulari elkarteko kideak eta txirrindulari profesional ohiak izango dira irakasle; elkartekoek azalduko dituzte bizikletan ibiltzearen abantailak zeintzuk diren, eta txirrindulariek euren esperientziaren berri emango dute. Asteon Kurutziaga ikastolan hasi dute berbaldien erronda, eta hurrengo asteetan beste ikastetxe batzuetara joango dira. DBHko lehenengo mailako ikasleak egongo dira entzuten guztietan.

Elkarbizi deitu diote egitasmoari, eta Stop Accidentes garatzen dabilen bide-hezkuntzako programaren parte da. Durangoko Udalak finantzatu du, eta mugikortasun seguruaren balioak hedatzea da helburu nagusia, zirkulazioko oinarrizko arauak erakusteagaz batera.

Teoria eta praktika landuko dituzte, Kurutziagan egin duten moduan. Atzo, ikasgelan berbetan ibili ostean, Pedro Horrillo eta Unai Etxebarria txirrindulari ohiekin ginkana egin zuten ikasleek. Eguaztenean, ostera, Unai Uribarri izan zen irakasle.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!