Angel Toñak Kode Etikoaren Batzordearen esku utzi du sailburu kargua

Anboto 2015ko ots. 12a, 11:23
Fundifeseko langileak, 2010eko otsailean, Durangoko osoko bilkuran

Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu izendatu eta gutxira  albistearen berri eman du GARA egunkariak. Angel Toña administradore konkurtsal bezala hemezortzi hilabeterako inhabilitaziora zigortu du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Toña, talde berean ziharduten Fundifes (Durango), Otsaila XXI eta Badator Gestión 2004 enpresen administradore konkurtsaletako bat izan zen.

Auzitegiak Toñaren kontrako epaia ebatsi du likidazioan zehar ordainketen ordena aldatu eta enpresa horiek Gizarte Segurantzaren Diruzantzarekin eta bost langilerekin zuten zorra atzeratzeagatik. Epailearen iritziz, enpresa hauetako administradore konkurtsalek Gizarte Segurantzari eta bost langileei ordaintzeko jakinarazpenak ez zituzten kontuan hartu.

Albistea publiko egitean, Toñak Jaurlaritzaren Etika Batzordearen esku utzi du bere kargua, Iñigo Urkullu lehendakariari azalpenak eman eta gero.  

EH Bilduk, PPk eta UPyDk Toña kargutik kentzea eskatu dute, eta PSE-EEk lehendakariari azalpenak eskatu dizkio. Sindikatuek, aldiz, ez dute Toñaren jokabidea salatzeko arrazoirik ikusten.

Fundifesen aurrekariak
Durangoko Fundifes enpresa 2008ko maiatzean itxi zuten. 2010eko otsailean, 60 langile ohi inguru Durangoko udalbatzarrera joan ziren enpresak hartzen dituen 16.000 metro koadroko lurrak birkalifikatzea eskatuz.  Horrela, udaleko alderdi politikoei birkalifikazio proposamenaren  berri eman zieten. Gobernu Taldeak gehiegizkotzat jo zuen proposamena.  Ezker Abertzaleak “pelotazo urbanistikoa” egin gura izatea kritikatu zuen. Beraz, langileen proposamena ez zen aurrera irten. Langileek hainbat mobilizazio antolatu zituzten berkalifikazioa eskatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!