Joseba Azkarraga soziologoagaz kafe-tertulia antolatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko ots. 10a, 12:42

“Prozesu parte-hartzaile historikoa eta ilusioz betetakoa bizitzen ari gara”. Horrela azaldu dute EH Bilduko kideek maiatzaren 24ko udal hauteskundetara begira garatzen dabiltzan bidea.

Urtarrilean asanblada zabala burutu zuten, eta han sortutako lan-taldeek ibilbide propioa edukiko dute aurrerantzean. Esaterako, gaur, otsailak 10, euskararen arloa jorratuko dute, bihar feminismoa, eta etzi elkarbizitza. Hiru saioak Pinondo Etxean izango dira; gaur eta etzi 19:00etan eta bihar 19:30ean. Gainera, programaren baitan badago bereizten den ekitaldi bat: Joseba Azkarragarekin egingo den kafe-tertulia. Soziologoak Durangoko sozioekonomiaz eta tokiko politikez jardungo du otsailaren 19an, 19:00etatik aurrera Plateruenean.

EH Bilduren helburua, “politika egiteko modu zaharrak eta udala bulego ilunetatik kudeatzeko indarrean dagoen ohitura” amaitzea da. Herritarrek “arduradun berriak” gura dituztela dio koalizioak, eta aldaketa herritarren partaidetzatik etorriko dela uste du. Martxoan aurkeztuko dute zerrenda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!