Felipe Diez: "Gizartearen ustez, alkoholikoa ez da gaixoa, pertsona biziotsu bat baino"

Anboto 2015ko ots. 6a, 09:15

Alkoholismoa arazo bat da sufritzen dutenentzat, baina baita ingurukoentzat ere. Horregatik, Al-Anon alkoholikoen senitarteko eta lagunen elkarteak gai honi buruzko hitzaldia antolatu du biharko, 18:00etan, Durangoko Nagusien Udal Egoitzan. Diez Blanco medikuaz gainera, Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideek ere parte hartuko dute. 


Alkoholikoen ingurukoek badakite nora jo laguntza eske? Ala galduta aurkitzen dira?
Nire esperientziaren arabera,  esan dezaket galduta aurkitzen direla eta denbora askoan sufritzen egon eta gero eskatzen dutela laguntza. Hori alkoholikoaren profilaren araberakoa da. Badaude bizitza normala egiten duten alkoholikoak, eta horienak ez du beste profil mota batzuekin zerikusirik. Beste kasu batzuetan, alkoholak guztiz suntsitzen ditu bai alkoholikoa, bai bere ingurua. Hasieran informazio gutxi izaten dute. Baina medikuaren kontsultara joateko aukera dute, eta han emango diote informazio guztia.

Familientzat estigma bat da alkoholiko bat etxean izatea?
Berbaldi bat ematen dudan bakoitzean esaten dudan lehenengo gauza da alkoholismoa gaixotasun bat dela. Medikuntza arloan hori esatea gauza jakina da, baina maila sozialean ez dut uste kontzientzia hori dagoenik. Inkesta bat egingo bagenu, gehienek erantzungo lukete alkoholiko bat ez dela gaixo bat. Alkoholiko bat maltzur eta biziotsu bat dela esango lukete gehienek. Alkoholismoari modu eraginkorragoan aurre egiteko gai honen trataera funtsezkoa dela uste dut; hau da, gizarteak alkoholikoa gaixotzat hartu behar du. Alkoholikoa gaixoa da, asmatikoa den era berean. Gertatzen dena da asmatikoa krisian sartu eta itotzen denean enpatia sortzen duela bere inguruan, eta jendeak lagundu nahi izaten dio. Alkoholikoak, ostera, krisian dagoenean, alde batera uztera bultzatzen du. Zalaparta sortzen dabilen mozkor batek ez du enpatiarik sortzen. Beraz, alkoholikoak estigmatizatuta daude, gaixo mental guztien moduan, sufritzen duenarentzat eta baita familiarentzat ere.

Familiak zelan lagundu dezake?
Alkoholismoa gainditu daiteke, baina adikzio bati buruz hitz egiten gabiltza. Mediku moduan, kasu bakoitzaren ezaugarri bereziak alde batera utzita, niri berdin zait alkohola, kokaina, speeda edo anfetamina den. Adikzio bati buruz hitz egiten gabiltza. Beraz, arazoari nola heldu, filosofia orokorra berdina da. Garrantzitsua da adikzioa duenak arazo bat duela onartzea. Berak ez badu laguntzarik gura, ezin zaio lagundu. Gaixotasun kontzientziatik familiak lagundu dezake. Lau oinarri daude gaixoak aurrera egiteko: alkoholikoak gaixotasuna onartu eta horri aurre egiteko nahia, laguntza afektiboa, Alkoholiko Anonimoak elkartea  eta medikuaren babesa.

Osatzeko prozesuan zein jarrera hartu behar du familiak?
Urte askoko esperientziaren ondoren, nire iritziz, familia zorrotza izan behar da. Esan behar duena zera da: “Nik lagunduko dizut, baina nik negoziagarriak ez diren baldintzak jarriko ditut. Eta edaten baduzu, joan egingo naiz”. Arrazoi pertsonalengatik alkoholismoa oso gertutik bizi izan dut, eta atera ditudan ondorioak mediku moduan dakidanagaz eta alkoholiko bategaz izan ditudan bizipenekin osatu ditut. Mozkor etorri da, dena lurrera bota du, eta liskarra sortu du, baina, ohera joan da, eta pasatu egin zaionez, horretaz berba ere ez dugu egingo. Jarrera horregaz arazoa ez da konponduko. Alkoholikoagaz hitz egin behar da edan gabe dagoenean, mozkortuta dagoenean alferrik da. Eta esan behar zaio gaixotasun bat duela eta prest zaudela laguntzeko, baina konpondu gura ez badu, zu joan egingo zarela.

Alkoholikoen profil ugari daude? Emakumeen artean ezkutuan edateko joera dago?
Emakumeek, alkoholagaz arazoak dituztenean, ezkutuan, etxean edaten dute, gizartean txarto ikusita dagoelako. Gizonak, berriz, tabernako barran ikustea ohikoagoa da. Hala ere, profil ugari daude. Alkoholikoa ez da zertan egun osoan mozkor egon. Batzuek bizitza ia normala egiten dute, baina dependentzia hori dute. Bestetik, badaude alkoholismo arazo larriak dituztenak, egunero edan ez arren; baina edateari ekiten diotenean ez dago gelditzeko modurik, eta ospitaleratu egin behar dituzu.

Alkoholaren kontsumoa sozializatzeko modu bat da?
Ematen du dibertsioa edateagaz lotuta dagoela gizarte honetan. Ez baduzu edaten, ez duzu gozatzen. Alkoholiko asko gaixotasunera heldu dira edale sozialak izan direlako. Hemen dena konpontzen dugu jaten eta edaten. Badaude poteatzaile kuadrillak sei pote hartzen dituztenak eguerdian eta beste sei iluntzean. Horietatik batzuek ez dute alkoholagaz arazorik izango, baina beste askok alkoholiko izaten amaituko dute. Modu sozial batean hasi dira alkohola edaten, eta dependentzia izaten amaitu dute. Izan ere, alkoholikoa ez da gura duena, ahal duena baino. Pertsona baten osasun egoera genetikaren eta beste hainbat gauzaren araberakoa izan daiteke.

Alkohola neurri barik kontsumitzeak zelan eragin dezake osasunean?
Alkoholismoa gaixotasun suntsitzailea da. Jende gehienak alkohola gibelagaz bakarrik lotzen du. Hala ere, alkoholak organo guztiei eragiten die. Minbizi hepatikoa eta zirrosia sortu ditzake. Era berean, bihotzari eta nerbio sistemari ere eragiten dio. Horregatik, alkoholiko bat artatzen dugunean, organikoki zelan dagoen ere begiratzen dugu.

Zeintzuk dira tratamenduak?
Denetarik dago. Terapia konduktualak lantzen dituzten klinika pribatuetatik hasi, eta tratamendu farmakologikoraino. Nik urte askoren ondoren esango nuke garrantzitsuena alkoholikoa bere arazoaz kontziente izatea dela.

Alkoholiko Anonimoak taldea gomendatzen duzu. Zergatik?
Alkoholiko bat gizartean sentitzen da zuri bat beltzen artean edo beltz bat zurien artean bezala. Alkoholiko Anonimoak taldera doanean, ostera, zuri bat da zurien artean edo beltz bat beltzen artean. Han ez du inor harrituko, ondokoak handiagoa kontatuko diolako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!