2015erako aurrekonturik ez egotea salatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko urt. 29a, 09:23

EH Bilduko kideen ustez, “arduragabekeria da aurrekontu berririk barik jardutea”. Adierazi dute aurrekontu bat onartzeko prest daudela, baina lau “eskaera  etiko” egin dituzte

Otsailean sartzear gaudela, oraindik 2015erako udal aurrekonturik ez egotea kritikatu du EH Bilduk (Bildu eta Aralar). Zinegotziek prentsaurrekoan azaldu dute gobernu taldeak ez diela proiekturik aurkeztu. EH Bilduko kideen ustez, “arduragabekeria da aurrekontu berririk barik jardutea”. Aurten aurrekontu proiektua udalbatzarretik pasa ere ez dela egingo sumatzen dute: “Hauteskundeak daude, eta gobernu berriari sekulako marroia utziko dio EAJk: zortzi milioiko zorra eta aurrekontu luzatu bat”.

Koaliziokoek adierazi dute aurrekontu bat onartzeko prest daudela, baina lau “eskaera  etiko” egin dituzte: udalaren egoera ekonomikoaz jardunaldi publiko bat egitea, lur ondareko etekina alokairu publikoa sustatzeko erabiltzea, 2015eko lehen hiruhilekoan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrazterketa parte-hartzailea hastea eta udaleko liberazioen soldatak %40 bajatzea –urteko 54.000 euro kobratzen dute–.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!