Alde Zaharreko hirugarren karkaba konponduko du udalak

Anboto 2015ko urt. 28a, 16:30

Alde Zaharreko karkabak konpontzeko egitasmoan aurrera doa udala, eta dauden sei karkabetatik hirugarrena berrituko du. Artekale, Barrenkale, Andra Maria eta Udaletxearen artekoa izango da.

Segurtasuna eta zerbitzuak hobetzea dira ekimenaren helburuak; hala nola, saneamendua berrituko dute, ur edangrriaren hodia ipini eta zoladura berritu ere bai. 70.000 euroko aurrekontua gorde dute.

Artekalen egoera txarrean eta okupatuta zegoen eraikin bat bota egin dute, eta hutsune hori aprobetxatuta, bertatik sartuta, egingo dituzte karkabako lanak. Izan ere, bestela zaila izaten dela azaldu du Aitziber Irigoras alkateak.

Bariku honetan batzarrera deitu dituzte auzo komunitateetako ordezkariak, merkatariak, DAZ auzo elkartekoak eta alderdi politikoetako ordezkariak. 13:30ean hasiko da batzarra udaletxean, eta bertan emango dute obraren berri. Otsailean lanak hasi eta apirilerako amaituta egotea aurreikusi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!