Durangoko EHE herriko elkarteekin batzarrak egiten hasiko da

Anboto 2015ko urt. 19a, 11:05
'Udalak eta biok euskaraz' dinamikaren baitako mobilizazioa.

Udalak eta biok euskaraz dinamikari bultzada eman guran, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak euskalgintzako zein orotariko elkarteekin biltzeko asmoa duela iragarri du. “Guk Durango euskalduna eraikitzeko lanean jarraituko dugu, eta prest gaude bide horretan mundu guztiagaz elkarlanean aritzeko”, azaldu dute kideek.


Egitasmoaren aurrekariak
2014ko urte hasieran Durangoko EHEk Udalak eta biok euskaraz dinamika jarri zuen martxan. Horrela, euskarak Durangoko udal zerbitzuetan duen egoera aztertu zuten EHEko kideek. Diotenez, diagnosia eta dinamika bera herriko hainbat euskaltzale eta elkartegaz partekatu zuten. Ondoren, herritarren eta udalaren arteko hartu-eman oro euskaraz izateko eskaerak bildu eta tramitatu zituzten. Lau hilabetera eskatzaileek udalaren erantzuna jaso zuten. “Alde batetik, udalaren erantzunean euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aitortzen ziguten, eta, horretarako, bitartekoak jartzeko borondatea agertzen zuten. Bestalde, aitzakia ugari jartzen zituzten hori gaur bertan ez gertatzeko. Gure ustez, borondateagaz herritarren nahia erraz bete dezakete”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!