Merkatu plazako arautegia ez da bete, onartu eta urte bira

Anboto 2015ko urt. 19a, 09:33
Merkatu plazan 30 bat saltzailek ipintzen dute postua.

Zapatuetako azokan postua ipintzen duten baserritar batzuek kritikatu dute ez dela udal ordenantza betetzen. Azaldu dutenez, 30 bat saltzaile egoten dira plazan, baina askok birsalmenta egiten ei dute oraindik: “Horietatik erdia gabiltza gure eta sasoian sasoiko produktuekin bakarrik”. Euren ustez, azkenaldian gazte asko dabil nekazaritzara hurreratzen, eta Durangoko plaza aproposa da horretarako: “Arazoa zera da, dagoen giroak, konpetentzia desleialak, salmenta eskasiak eta utzikeriak ez duela nekazari askorik erakartzen”. 2012an sortu zen baserritarren merkaturako udal ordenantza, eta, beraz, onartu eta urte bira ez da betetzen oraindik.


Hain zuzen ere, baserritarren eskariz landu zuten ordenantza. Birsalmenta debekatzeaz gainera, postuen antolaketa ere zehaztu zuten araudian. Merkaturako mahai bat ere eratu zuten, baserritarrekin, zinegotziekin, eta Dendak Bai eta Urkiola landa garapenekoekin. EAJko ordezkaria da Iker Oceja, eta azaldu du enpresa bat kontratatu dutela birsalmenta ikertzeko; baserritarrek ikerlari bat plazan egon dela baieztatu dute.

Merkatuaren garapena “nahiko astiro” doala aitortu du Ocejak, baina hasieran oposizioaren esku zegoela esan du, mahairako aukeratu ziren ordezkari bakarrak Idoia Agorria (PSE-EE) eta Iker Urkiza (Aralar) izan zirelako.
Agorriaren esanetan, araudia oposiziotik bultzatu zuten, eta geroztik garapen “lotsagarria” eduki duela uste du: “Garapen oso geldoa eduki du, EAJren ustez lehentasunezkoak ez diren gai guztien antzera”. Urkizaren arabera, azkenekoz abenduan batzartu ziren, baina horren aurreko bilkura martxoan egin zuten. Gobernu taldeari leporatu dio ardura. “Ulertzen dut baserritarren haserrea”, esan du.

Eider Uribek adierazi du birsalmentak ez lukeela lekurik eduki behar plazan. “Baserritarrei laguntzea beharrezko ikusten dugu, beraz, ordenantza betetzea exijitzen segituko dugu”. Ilusioz hasi arren, esan du ez duela ibilbide positiborik izan. Juan Jose Gastañazatorrek azaldu du ez duela kexarik jaso: “Udalak mahaiko zinegotzien bidez jakin beharko luke hori”.

Postu finkoaz
Bestalde, Dendak Bai elkartearen eta Amankomunazgoaren arteko hitzarmen baten ondorioz, baserritarren produktuak egunero saltzeko postu finko bat ipintzea aurreikusi dute. Baina baserritar kritikoek adierazi dute hobe dela proiektu horretako dirua ordenantza betetzeko erabiltzea. Dendak Baik, ostera, gogoratu du baserritarren ordezkariak ere onartu duela egitasmoa. Momentuz, ez dago postua ipintzeko datarik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!