24 urteko gizon bat atxilotu dute, neskalaguna jotzea leporatuta

Anboto 2015ko urt. 8a, 14:00

Bere bikotekideak eztabaida baten erdian jo egin duela salatu du emakume batek. Gaur, 20:00etan, kontzentrazioa dago Andra Mariko elizpean, Andereak elkarteak deituta.

Gaur goizaldean 24 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Durangon, bere bikotekidea jo izana egotzita. Goizeko 01:00 pasata, genero indarkeriagaz lotutako eraso baten berri izan dute ertzainek, telefono dei baten bidez. Etxera hurreratzean, emakume bat topatu dute atarian, eta bere bikotekideak eztabaida baten erdian jo egin duela azaldu du. Emakumea ihes egiten saiatu da, eta borroka horretan ere zauritu da.

Gaur, 20:00etan, kontzentrazioa egingo dute Andra Mariko elizpean, Andereak elkarteak deituta. Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak eraso sexistaren gaineko gaitzespen testua onartu dute. Alde batetik, "eraso hau gaitzetsi eta emakumeen kontra eragindako edozein eratako indarkeria fisiko, psikologiko, ekonomiko, sexual edo emakumeen pribatutasunari eraso egiten dion edozelako ekintza arbuiatu" dituzte. Erasoa pairatu duen emakumeari "gure babesa erakusten diogu, udal honek dituen baliabide guztiak bere esku jarriz". Azkenik, herritarrak udalerriko mugimendu feministak dei ditzakeen gaitzespen ekitaldietan parte hartzera deia egin du.

016 da eraso sexistetarako Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen laguntza telefonoa.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!