Zumba eta spinbike maratoi solidarioak egingo dituzte

Anboto 2014ko abe. 4a, 11:57

Durango Kirolek antolatuta, JAED eta ASEXVE elkarteen aldeko maratoiak egingo dituzte abenduaren 13an eta 20an. Inskripzioa hasita dago, Aitziber Irigoras alkateak eta Iñaki Inza Durango Kiroletako ordezkariak azaldu dutenez.

Kirola egin eta aldi berean solidarioa izan. Hori da Durango Kirolak erakundeak proposatzen duena aurten ere. Abenduaren 13an spinbike maratoia egingo dute, 10:00etatik 13:00etara, hiru saiotan. Partaideek hiru euro ordaindu beharko dute, eta jasotzen den diru guztia ASEXVE elkarteari emango diote. Ezohiko gaixotasun bat aztertzen du elkarte horrek, besikulagaz zer ikusia daukana. Landako II kiroldegian izango da ekimena.

Abenduaren 20rako, bestalde, zumba maratoia deitu dute. 10:00etatik 13:00etara baita ere, kasu honetan Landako I kiroldegian ospatuko da. Dirua beharrean, partaide bakoitzak kilo bat janari eroan beharko du gutxienez, eta batzen dena JAED ongintza elkarteari emango diote. Iazko edizioan 400 kilo janari lortu zuten, eta aurten egindako bestelako maratoietan ia 800 euro batu dituzte.

Duela urte bi hasi ziren Durango Kiroletan elkartasun ekimenak prestatzen. Aurten, maratoiez gainera, JAED elkartearen zozketa benefikoan parte hartuko dute, lau bonu dohaintzan eman baitituzte zozketarako.

'Osasuna oparitu'

Bestalde, Gabon inguru honetarako beste eskaintza bat ere egin dute Durango Kiroletan, Gabonetan osasuna oparitu kanpainagaz. Bonu bereziak erosi ahal izango dira, opari lez erabiltzeko. Adibidez, igerilekuko hilabeterako bonua 18 euroren truke eskuratu ahalko da, eta spinbikeko 9 saio 23 euroren truke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!