Ander Berrojalbiz: "Gorularien kanta tradiziora pasatzean Zubiaurreren autoretza ahaztu egin genuen"

Anboto 2014ko aza. 30a, 10:00

Valentin Zubiaurre errege kaperako konpositorea (Garai, 1837) izan zen, eta berak sortu zuen ‘Gorularien kanta’. Tradizioari eta dantzei lotutako abestia garaitarraren obra interpretatuena izatera heldu da. Ander Berrojalbiz Khantoria taldeko kideak abesti horren eta bere egilearen inguruko erakusketa inauguratu du Durangoko Museoan.

Zerk bultzatu zaitu erakusketa antolatzera?
Valentin Maria de Zubiaurre Urionabarrenechea 1914ko urtarrilaren 14an hil zen, beraz, bere heriotzaren mendeurrena bete da aurten. Antzinako musika lantzen duen Khantoria taldearen ekitaldiak beti daude ikerketagaz eta zabalkundeagaz lotuta. Bere omenez zer edo zer egitea pentsatu genuen. Orain arte, Durangoko erakundeek ez dute asko egin bertako musikariak gogoratzeko. Durangoko Arte eta Historia Museoak, ostera, musikari horiek gogora ekartzeko asmoa adierazi du. Joan zen urtean Durangoko txistulari baten koaderno bateko musika berreskuratu genuen, museoak lagunduta. Zubiaurreri buruzko erakusketa hau ere bultzatu du.

1886ko Euskal Jaia zergatik izan zen hain garrantzitsua?
Izatez, 1885ean zen ospatzekoa, baina kolera izurrite baten beldurrez, atzeratu egin zuten 1886ra. Urte horretako Valentin  Zubiaurreren parte-hartzearen dokumentuak jaso ditugu erakusketan. Jai horretarako garaitarrak bi gauza konposatu zituen: himno bat eta Gorularien kanta.

Lan hori enkarguz egin zuen.
1885ean Jose Maria de Ampuero Durangoko alkateak eskatu zion Zubiaurreri Durangoko Euskal Jaian musika arloaz arduratu zedin. Pedro Pablo Astarloaren omenezko himno bat sortzeko eskatu zion. Horrela, Felipe de Arresek konposatutako letra bati musika jarri zion. Orain Pinondon dagoen Astarloaren eskultura jaialdi horretan, Ezkurdin, inauguratu zuten. Zubiaurrek Ampuerori eskuz idatzitako erantzuna erakusketan dago ikusgai. Dokumentu horren bidez baiezkoa eman zion.

Himnoaren eskuizkribu originala duzue erakusketan.
Bai, Garain sinatua dago, 1885ean. Ondoren, 1886an interpretatu zen. 2001ean Jesus Egiguren konpositore durangarrak Gerediagagaz eta museoagaz batera edizio modernoa kaleratu zuen.

Himnoa eskatu zioten, baina ‘Gorularien kanta’ ere sortu zuen Euskal Jairako.
Inork ez daki zergatik sortu zuen abesti hori, enkarguz edo bere ekimenez. Peru Abarkaren bosgarren autoan agertzen den kanta hartu zuen (“Kantadu dagiguzan / linuaren penak / ...”), eta musika jarri zion. 1802an idatzitako liburua den arren, ez zen argitaratu 1881era arte. Beraz, suposatzen dugu, bost urte lehenago Durangon kaleratuta, liburu arrakastatsua izan zela eta horregatik aukeratu zuela. Gorularien prozesu guztia kontatzen du letrak, eta Zubiaurrek musikatu egin zuen. 1886ko gazteen konpartsaren argazkia dugu erakusketan, eta gazte horiek lehenengoz interpretatu zuten obra hau Euskal Jaian. Estanpa izenez ezagutzen da. Lihoaren lanaren antzerkia egiten zuten letra abesten zuten bitartean. Ramón eta Basilia Iñurrieta ziren konpartsen arduradunak.

Dantzari onak zirela dirudi, saria eskuratu zuten eta.
Durangoko konpartsek txapelketa irabazi zuten urte hartako Euskal Jaian, eta irabazleei ematen zitzaien domina eta kutxatila ditugu erakusketan.

Erakusketan bildutako dokumentuen artean, zein nabarmenduko zenuke?
1928ko Euskal Jaien koreografiak jasotzen dituen liburu bat, Domingo Ziluaga apaizak Iñaki Irigoieni emana. Durangoko Kaiera San Frantzisko komentuko mojentzat egina dela ematen du. Dantzari-dantza, arku dantza, domingiloa eta gorulariak agertzen dira dokumentu honetan. Izan liteke Ramon Iñurrietak idatzitakoa izatea, eta komentuan utzi izana, Soledad Olalde haren ilobak esandakoaren arabera. Grafikoek mutilen eta nesken arteko bereizketa egiten duten arren, testuek parte-hartze femeninoari egiten diote erreferentzia.

Zein da erakusketaren tesia?
Zubiaurre Espainiako errege kaperako maisu zuzendari izan zen, karguz, estatuan zegoen konpositorerik garrantzitsuena. Horrela, eleiza-musika piloa konposatu zuen, baita hiru opera eta formato handiko hainbat obra profano ere. Hala ere, gaur egunera arte gehien interpretatu den bere obra Gorularien kanta izan da, segur aski herriko tradizio eta dantzei lotuta jaio zelako. Izan ere, 1886an berreskuratutako arku-dantzagaz eta domingilo dantzagaz batera aurkeztu zen. Gerora, dantza hauekin batera bizi izan da.

Durangaldeko dantza horiek zabalkunde handia izan zuten?
Dantza horiek zelan egiten ziren azaltzen zuten hainbat publikazioren bidez, tartean Euzko-Gastedijarena, Euskal Herriko beste herri batzuetara ere zabaldu ziren. Horrela mantendu zen Estanpa: Durangoko Falange Espainola taldeko Sección Femeninako dantza taldeak ere dantzatzen zituen.

Beranduago, desagertu egin zen.
1960ko hamarkadan ez zen tradizioa mantendu. 1973an Iñaki Irigoienen eskutik berreskuratu zuten Gorularien dantza, Donostian, Iurretako dantzariek. 1976an, San Migel plazan interpretatu zuten berriro ere, eta, ordutik hona, urtero dantzatzen dute jaietan Iurretako dantzariek.

Zubiaurreren bustoak presentzia handia du erakusketan.
Manuel Iglesias Reciok sortutakoa da. María Rosa Ortiz-Coronado de Elejostek Durangoko Arte eta Historia Museoari egin zion busto horren donazioa.

Gorularien abestiak moldaketa ugari izan ditu.
Kanta hori tradiziora pasatu zenean autoretza ahaztu egin zen. Liburuetan ez da agertzen Zubiaurrerena dela. Herrikoia zela suposatzen zenez, aldatu egin zuten. XIX. mendeko errekurtso batzuk, abesteko agian oso deserosoak direnak, kendu egiten zituzten errekurtso herrikoiagoengatik. 1982an Jose Antonio Arana Martijak aldarrikatu zuen Zubiaurreren autoretza. Hala ere, 1992ko Txistulari aldizkarian autoretza Zubiaurreri aitortzen dioten arren, partitura horretan dagoen abestia ez da Zubiaurrerena, herritik pasa ostean gelditu den melodia agertzen da bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!