Durangoko Azokan Korrika laguntzaile egitera deitu dute

Anboto 2014ko aza. 27a, 13:11

Durangoko Azoka Korrika laguntzailez betetzea. Helburu hori aurkeztu dute AEK-k eta Gerediaga Elkarteak, dagoeneko Durangoko Azokarako prestatzen dabilen Landako Gunean. 2015eko martxoaren 19tik 29ra izango da Korrika 19, Euskahaldun lelopean, eta ekimen horren laguntzaile izatera gonbidatu dituzte herritarrak.


Erakunde bien arteko elkarlanaren erakusle izan da aurkezpena. Izan ere, Gerediagako Nerea Mujikak elkartea Korrika laguntzaile bihurtu dela adierazi du: “Kuadrilla beraren parte garelako”. Bere ustez, lagunen artean gozatzen da gehien euskaraz eta kulturaz, eta hortik dator kuadrillaren metafora. Ekimen bien ibilbide luzeak ere alderatu ditu: “Ez genekien bi ekimenok zenbat kilometro egingo zituzten, ezta atzetik zenbat jende etorriko zen ere. Baina martxan dagoen herria da gurea”. Korrika 19ren barruan Durangoko Azoka omenduko dute, datorren edizioa 50.a izango delako. Abenduaren 7an ere egingo dute omenaldi horren aurrerapen bat, 20:30ean, Ahotsenean.

Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak azaldu du aurten euskara ikasle gehiago matrikulatu direla: “Datuek erakusten dute lan ona egiten gabiltzala”. Baina, euskaltegien sarea indartzeko, laguntza handiagoa eskatu die erakundeei, eta Nafarroan 2012tik “zentimo bat bera ere” ez dutela jaso kritikatu du. Euskara ikastea doakoa izatea eskatu die erakundeei. Diru hutsunea betetzeko, 12 euroren truke Korrika laguntzaile egin ahalko da euskaltegietan, Korrikaren webgunean eta Durangoko Azokan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!