Euskararen Bikain ziurtagiria jaso du Ibaizabal ikastolak

Anboto 2014ko aza. 27a, 12:29

“Kanpotik datorren esker ona bikaina da, baina inoiz ez bidearen helmuga”. Hausnarketa hori plazaratu du ohar bidez Ibaizabal ikastolak, euskararen arloko Bikain ziurtagiria jasotzean. Euskararen aldeko lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta euren proiektuan ikastetxeko kide guztiak garrantzitsuak direla uste dute: “Lanean jarraituko dugu ikastola bere egunerokoan hobetzen, euskaragaz eta Euskal Herriagaz dugun konpromisoa berretsita”.


Azaroaren 18an egin zuten ziurtagiriak emateko ekitaldia, Donostian. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartu zuten. Kepa Zengotitabengoa ikastolako presidenteak jaso zuen oroigarria. Guztira, 39 enpresa eta erakunderi adierazi zieten esker ona. 138 lagun ibili dira ziurtagiriaren ebaluazioa egiten, eta euretako bat Ibaizabalekoa izan da.

Ikasleen azoka
Ibaizabal beste gai bategatik ere bada albiste. Haur Hezkuntzako goi-mailako zikloko ikasleek bigarren eskukoen azoka antolatu dute domeka honetarako, hilaren 30erako. Merkatu plazan izango da, 09:00etatik 15:30era, eta arropak, bitxiak eta dekoraziorako gaiak salduko dituzte. Etekina ikasbidaia finantzatzen laguntzeko erabiliko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!