EH Bildu: "EAJk daukan jarrera kazikista eta iluna da"

Anboto 2014ko aza. 17a, 14:00

Aldundiak udal kontu orokorraz kanpoko txostena egingo du, eta EAJren partetik horren inguruko kontsultarik ez dutela jaso kritikatu dute EH Bildukoek. Txostena egitean, Aldundiko ogasuneko ordezkariak Durangora etortzea eskatuko du koalizioak.

EH Bilduko kideek egonezina helarazi gura izan diete herritarrei, "EAJk daukan jarrera kazikista eta iluna" dela uste dutelako: "Beste behin ere, gauzak argitu eta udalaren egoera ekonomikoaren aurrean gardentasun guztiagaz jokatu beharrean, oposizioari eta herritarrei lepoa emanez jokatu dute".

EH Bilduk 2013ko udal kontu orokorra errekurritu zuen, eta iraileko osoko bilkuran, kanpoko txostena egitea erabaki zuten PSE-EEren ekimenez. Koalizioak bakarrik babestu zuen, baina nahikoa zen gehiengoa lortzeko. Gero, urrian, Aitziber Irigoras alkateak Aldundiari txostena egitea eskatu ziola iragarri zuen. Bada, EH Bilduren arabera, EAJk alderdiei kontsultatu barik eta ikuskatzearen gaiez iritzia galdetu barik egin du eskaera."EAJk ukatu egiten du informazio hori guri ematea, eta ukatu egiten digu ekarpenak egiteko aukera". Koaliziokoek "ilun" jokatzea egotzie diete jeltzaleei. "Zeri dio beldurra EAJk?", galdetu dute.

Aldundikoek txostena egiten dutenean, ogasuneko arduradunen agerraldia eskatuko dute EH Bildukoek. Batzorde hori udalbatzar aretoan egitea eta herritar zein komunikabideentzako zabala izatea gura dute. Bestalde, udalak herritarrekin batera jardunaldi bat egitea ere eskatu dute, "herritarren auditoria" bat.

Inbertsioen %9,7

EH Bilduren ustez, geldikinaren kalkulua ez du ondo egin gobernu taldeak. Erabili bako kredituak eta garatu bako proiektuak aurrezki lez kontatzea kritikatu dute. Azken hiru urteotako inbertsioen balantzea eman dute adibide moduan. Diotenez, 2012an %20 bete zen; 2013an %26; eta aurten, irailera arte, aurreikusitakoaren %9,7 bakarrik zegoen eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!