Durango txartelagaz, %5eko deskontua erosketak egiterakoan

Anboto 2014ko aza. 16a, 10:00
86 komertizok parte hartuko dute deskontu kanpainan.

Dendak Bai merkatarien elkarteak kanpaina berri bat ipini du martxan dendetan salerosketak bultzatzeko. Prentsa ohar bidez azaldu dute, Gabon ingurua hurreratzen dagoenez, sasoi horri begira egingo diren erosketetan deskontuak eskaini gura dituztela. Horrela, Durango txartela daukaten herritarrek %5eko deskontua edukiko dute azaroaren 15etik 30era bitartean egiten dituzten erosketetan.

Iurretan, Izurtzan, Otxandion eta Zaldibarren ere balioko du txartelak. Guztira, 86 dendak parte hartuko dute kanpaina honetan, eta www.dendakbai.com webgunean ikusi ahal da zeintzuk diren saltoki horiek. Arropa dendak, optikak, kirol dendak eta bidaia agentziak daude, besteak beste.

Kreditu txartela
Durango txartela kreditu txartel bat da, baina deskontuak ezartzeko berezitasuna dauka. Ez dauka komisiorik, eta bakoitzak gura duen banketxean helbideratu dezake. Dendak Bairen egoitzan, partaide diren komertzioetan eta Nafarroako Rural Kutxan eskatu ahal da txartela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!