Sei autotako gurpilak zulatuta agertu eta gero, aparkaleku arazoa bistaratu da

Anboto 2014ko aza. 13a, 19:40
Larrasoloetako patioan eta inguruneetan izan dira gurpil zulaketak.

Urriaren 26an, gurpilak zulatuta zeuzkaten sei auto agertu ziren Larrasoloetako patio batean. Auto horien jabeek Udaltzaingoan salaketa ipini zuten, baina momentuz ez da argitu nor izan den kalteak eragin dituena. Jabeetako batek, Juan Itziarko auzuneko Mari Carmen Brunetek, ANBOTOra jo du auzotarren laguntza eskatzeko.


Bruneten arabera, batzuetan Larrasoloetako patioan uzten dute autoa, Juan Itziarko auzunean aparkatzeko leku falta edukitzen dutelako. “Dagoeneko hilerri inguruan ere ezin izaten dugu aparkatu, beteta egoten delako”, esan du Brunetek. Bere ustez, TAO ordainketa sistemaren ondorio da egoera hori. Izan ere, Juan Itziarko auzunean ez dago ordaindu beharrik: “Jendeak, ordaindu beharrean, gure auzoan uzten du”. Horretaz gainera, herritar batzuek erabiltzen ez dituzten autoak astetan hor uzten dituztela kritikatu du. “Bi urtez egondako auto bat kendu berri dute”, ohartarazi du.

Bruneten arabera, eurek sufritutako erasoa ez da bakarra izan. Azken lau urteetan antzeko gertakari gehiago egon direla azaldu du: auto gehiagotan zulatu dituzte gurpilak, eta, gainera, zenbait autotan likido itsaskorra isuri dute. Udaltzainek ere datu hori baieztatu dietela esan du auzotarrak.

Laguntza eske
Egoeraren aurrean, auzotarren laguntza eskatu du Brunetek. Baten batek zerbait ikusi badu, dakienaz informatu dezala eskatu du Juan Itziarko auzuneko bizilagunak, gertakariak argitzen lagunduko duen esperantzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!