EHGAMek eskua luzatu dio udalari berdintasun politika zehatzak lantzeko

Anboto 2014ko aza. 11a, 09:00

Errespetuaren kale-kantoia lako guneak “oso iniziatiba onak” dira EHGAM Durangoren ustez, baina esan dute “ikurretatik haratago berdintasun politika zehatzak" sustatu beharko lituzkela udalak.

Alde zaharreko bolardo batzuk ostadar kolorez margotuta daude “pertsona desberdinei zor zaien errespetuaren kontzientzia hartzeko”, Aitziber Irigoras alkateak orain aste bi azaldu zuenez. EHGAM Durangok (Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendua) ekimen honekiko duen iritzia plazaratu du prentsa ohar batean. “Oso iniziatiba ona” dela uste du: “Gasteizen eta Oreretan horrelako ekintzak bultzatu dira, eta gure taldearen babes osoa izan du. Txalogarria da Durangon horrelako ekintzak aurrera eramatea”.

Baina elkarlana faltan botatzen dute: “Horrelako ekintzak udal gobernu taldeak elkarteen babesarekin eta elkarlanarekin egin zitzakeen. Argi dago, beltzarana, emakumea, maritxua edo lesbiana zein transexuala izatea herri honetan oraindik normala ez den gauza bat dela. Horren aurrean, elkarlana sustatu beharko luke udalak herriko elkarteekin. Ikurretatik eta berbetatik haratago, berdintasun politika zehatzak egin eta sustatu behar lituzke”. Horretarako, ateak zabalik dituztela diote: “Gure ateak zabalik dituzte udal gobernu zein taldeek, aipatutako politika zehatzak aurrera eramateko, edo edozein udal ekintza sutatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!