Buruko gaitza dutenentzako eguneko zentroa zabaldu dute

Anboto 2014ko urr. 10a, 17:00

Avifes erakundeak, Aldundiak eta BBKk bultzatu dute proiektua. Muruetatorre auzoan zabaldu dute egoitza, 32 pertsonarentzako lekuagaz.

Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatu da gaur, eta data aprobetxatuta Durangoko zentro berria inauguratu dute. "Aldatu zure begirada" izan da gaurko lema, eta horixe zabaldu gura izan du Miguel Angel Nuñez Avifes erakundeko presidenteak. "Gaixotasun hau beti dago estigmez inguratua. Jendeak buruko gaitza biolentziagaz lotzen du. Uste dute pertsona horiek isolatuta egon behar direla". Horren aurrean, psikiatrikoetatik kanpora egoteko apustua egiten dutela azaldu du, beti ere egonkor egon daitezkeenean. "Bergizarteratzen saiatzen gara, eskubidea daukaten pertsonak baitira". Horrelako zentroetan, zaintza psikiatrikoa ematen eta gizarteratzen laguntzen egiten dute lan. Pertsona normalak direla aldarrikatu gura izan du, eta horregatik babesten dituztela.

Miren Zamakona da Avifesek Durangaldean daukan bazkideetako bat. Azaldu du orain arte Zornotzan egon dela zentroa, baina lekua txiki geratuta, aldatzea erabaki dutela. Hamar plaza gehiago edukiko ditu. Tailerrak, irteerak, taldeko terapia, kirola, sukaldaritza ikastaroa... Hainbat ekintza egingo dituzte, batez ere euren interesen araberakoak. Familientzat ere programa bereziak antolatzen dituzte, gaiaz ikasi eta gero hobeto laguntzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!