Tabernariek jaietan karkabak ez erabiltzea eskatu du DAZek

Anboto 2014ko urr. 3a, 14:02

Durangoko Alde Zaharra auzo elkarteak prentsa oharra bidali du eskaeraren berri emateko. Azaldu dutenez, taberna batzuek karkabak biltegi lez erabili dituzte Goienkaleko jaietan, eta San Fausto jaietan ere gauza bera egingo dela entzun dute. Udalak baimena eman ei duela esan dute DAZekoek. Karkabak etxeen larrialdi irteerak direla-eta, bertan gauzak pilatzea arriskutsua dela uste dute.

Prentsa oharraren hainbat galdera eta kezka plazaratu ditu DAZek, batez ere udalari begira. Adibidez, jarduera horrek araudia betetzen ote duen. Izan ere, udal ordenantzak karkabetan oztopoak egotea galarazten du. Baimenik eman bada, zergatik eta zer baldintzatan eman den jakin gura dute. "Ba al dago karkabak erabiltzeko baimena ematen duen erabaki politikoa bermatzen duen informe teknikorik?", galdetu dute. Larrialdi egoeren aurrean sortu ahal den arriskuaz ere ohartarazi dute: "Karkabak erabiltzeak ekar litzakeen ondorioen erantzukizuna nork hartuko luke, zein departamentuk?".

Bestalde, publiko eta pribatuaren arteko eztabaida dago. Karkabak lur publikoak dira, eta horregatik, baimena "komertzio pribatuen mesedetan" ematen dela kritikatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!