Astelehenetik aurrera, TAO mugikorretik ordaindu ahalko da aparkatzean

Anboto 2014ko ira. 12a, 12:39

Autoa aparkatzerako orduan, ordainketa egiteko modu berri bat edukiko dute herritarrek hilaren 15etik aurrera. Telefono mugikorretik edo tabletatik ordaintzeko aukera egongo da, baita denbora luzatzeko eta dirua bueltatzeko ere.

Lehenengo, zerbitzuan alta eman beharko dute erabiltzaileek, www.teletaodurango.mobi/gestion webgunearen bitartez. Bertan datu pertsonalak eta kontu korronte zenbakia sartuko dituzte, eta horregaz zerbitzuan parte hartuko dute. Autoa TAO eremu batean uztean, mugikorretik ordaindu ahalko dute, eta bankutik kobratuko diete arduradunek. Gero, denbora amaitzen ari zaiela ikusiz gero, ez dute makinara joan beharrik edukiko; mugikorretik ere egin ahal da operazio hori. Berdin, denbora uste baino laburragoa egin eta aldea kobratu gura badute. Beraz, makinara joan barik, autoan ipintzeko txartelik ere ez dute edukiko. Baina, zaintzaileak operazioaren abisua jasoko du bere gailuan.

Gertek enpresa da TAO zerbitzuaren esleipena daukana, eta nobedade hau euren aurrekontuaren baitan eroan dute aurrera; hau da, udalari ez dio gainkosturik ekarriko, Aitziber Irigoras alkateak nabarmendu duenez. Durango, Bizkaian hirugarren udalerria da sistema hori ezartzen; Bilbo eta Getxo egon dira bakarrik aurretik. Horregatik, "oso pozik" daudela esan du Irigorasek. Ahalik eta udal tramite gehienak internetez egiteko apustuaren barnean kokatu du egitasmo berria. Herritarren "bizi kalitatea hobetzea" da euren helburua.

Gertek enpresako arduradun Pedro Aizarnak azaldu du tresna berria abantaila dela, eta ez durangarrentzako bakarrik, kanpotik datozenentzako ere bai. Bilbon ipini zuten lehenengoz, kanpokoei gestioak egitean denbora pasatzen zitzaielako: "Batzarretan-eta, jendea gehiago arduratzen zen TAO amaitzear zeukala, batzarraz baino". Argi adierazi du, mugikorretik eskainiko den zerbitzua parkimetroan dagoen berbera dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!