Bidegorria Aramotz auzunera helduko da ikasturte honetan

Anboto 2014ko ira. 11a, 09:20

Durangoko bidegorria beste fase batean sartuko da, eta Aramotz auzunera ailegatuko da. Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira egindako prentsaurrekoan baieztatu du hori Aitor Larruzea teknikariak. Izan ere, hilaren 16tik 22rako astean hainbat ekintza egingo dituzte, eta asko bizikletaren erabileragaz lotuta daude. Mugitzeko era jasangarriagoen bila, Durangon bizikletaren erabilera bultzatu gura dute.


Herrian hamaika kilometroko sarea dago eraikita bizikletentzat, eta 2020rako 22 kilometroko zirkuitua osatzea da udalekoen helburua, Larruzearen berbetan. Aramotz auzunera ailegatuko den zatiaren obra hurrengo hiru hilabeteen buruan aterako dute lehiaketara, eta, beraz, ikasturte honetan garatuko da. Askatasun etorbidetik Aramotzeko etxeetara luzatuko da, eta Iurretako zubitik datorren erreia Baqué enpresa inguruetara joango da, Ambrosio Meabe kaletik. Larruzeak gogoratu du eboluzio handia eduki duela bidegorriak, 2007an 600 metrokoa bakarrik zen eta.

Stop Accidentesi saria
Aurtengo mugikortasunaren saria Stop Accidentes elkarteari emango diotela aurreratu du Iker Oceja zinegotziak, kontzientziazioan egiten duen lanagatik. Gainera, gaiagaz lotuta, lehiaketa artistiko bat egin dute, eta Karlos Martinezek jasoko du 700 euroko saria. Datorren astean Mañaria errekan egongo da ikusgai bere obra; aldaketa klimatikoaren eraginez errekan gora etorriko den balea bat islatuko du.

Lego jolasagaz
Hilaren 19an ziklisten eta oinezkoen arteko mugikortasun gatazka aztertuko dute Lego jolasaren piezen bitartez, Lego Serious Play metodoagaz hain zuzen. 20an, 10:00etatik aurrera, tailerrak eta jinkanak egingo dituzte Ezkurdin. Amaitzeko, hilaren 22an, Stop Accidentesek ikasleentzako kontzientziazio saioak eskainiko ditu, eta Duranguesa txirrindulari elkartekoekin olinpiadak antolatuko ditu Tabiran, 17:45ean. Ekintzok prestatzeko, Berdeago azoka antolatzen duen elkartearen laguntza edukiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!