Astelehenean hasiko dira Eskola-Txartela banatzen

Anboto 2014ko ira. 6a, 09:00

3-12 adin tarteko ikasleen familiei eskolarako materiala erosten lagunduko diete udalak eta Dendak Bai elkarteak. 10 euroko 1.200 bonu eskainiko dituzte.

Aitziber Irigoras alkateak azaldu du jende asko joan dela dagoeneko Herritarren Arreta Zerbitzura bonu eske, eta argitu gura izan du astelehenean hasiko dela kanpaina. Urriaren 31ra arte iraungo du.

irigorasegaz batera, Dendak Baiko Araceli Guerrero teknikariak eta Folder dendako Amaia Palaciok eman dute ekimena aurkezteko prentsaurrekoa. Irigorasen berbetan, helburu bi dauzkate: "Familiei ikasturte hasieran laguntzea eta merkataritzari laguntza xume bat ematea". Bonuak HAZen eta Dendak Baik Askatasun etorbidean daukan egoitzan eskuratu ahalko dira astelehenetik aurrera. Ume bakoitzeko bonu bat emango dute.

Bonu hori hamar eurokoa da, eta denda batean hogei euro baino gehiagoko erosketa bat egitean hartuko dute. Beraz, erosketa horretan hamar euroko deskontua ekarriko die familiei. Guerrerok azaldu du kanpainara gehitutako dendetan bakarrik erabili ahalko dela, eta horiek kartel bereizgarri bat edukiko dutela. Oraindik badago dendak gehitzeko epea, hilaren 15era arte, hain zuzen. Guerrerok adierazi du Durangon 460 bat denda daudela, eta eskolarako material eta produktuak saltzen dituztenak (arropa, koadernoak, betaurrekoak...) 100 bat direla.

Folderreko Amaia Palaciok gaineratu du horrelako ekimenak "garrantzitsuak" direla: "Ea gehiago egiten diren". Dagoeneko ikusmina sortu ei du ekimenak, eta arrakasta edukiko duela uste du Irigorasek.

Ekimenaren berri PSE-EEk eman du asteon, euren iniziatiba izan dela azaltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!