Joan zen barikuan Durandog elkartea eta Durangoko Udala batzartu egin ziren, txakurrei buruzko ordenantzaren inguruan eztabaidatzeko. Eta txakurren kontrako erasoen inguruan ere berba egin zuten, ezinbestean. Kaltetutako bi txakurren jabeei udalak babes ekonomikoa emango diela jakinarazi zuten txakurren jabeek batzarraren ostean.
Txakurren gaineko ordenantzaren inguruan ere “aurrerapausoak” eman dituztela azaldu dute Durandogeko kideek. Txakurren jabeak ez zeuden ados 1996ko ordenantzagaz, eta araudi berria sortzea eskatu zuten. Aldarrikapen hori kaleratzeko elkarretaratzea egin zuten orain hiru hilabete udaletxe aurrean. Udalbatzarrak aho batez onartu zuen aldaketa egitea. Hala ere, Durandog elkarteko kideek behin-behineko araudi bat eskatu zuten, ordenantza berria sortu eta indarrean jarri bitartean. Baina udalak orain aste batzuk aurkeztutako proposamenagaz ez zuten bat egin elkartekoek. Txakurrak askatu ahal izateko udalak bost berdegune proposatu zituen Durangoko kanpoaldean, gaueko 22:00etatik goizeko 10:00etara.
Joan zen barikuko batzarrean, Durangoko berdeguneetan goizez 08:00etatik 11:00etara eta arratsaldez 20:00etatik 23:00etara txakurrak askatu ahal izatea izan zen udalaren proposamena. Durandogeko kideek proposamena ontzat eman zuten. Behin-behineko araudia irailera arte egongo da indarrean. Bitartean, udalak ordenantza berria idatzi eta udalbatzarretik pasatu beharko du.