Sortzaile, elkarte eta herritarren Plateruena

Anboto 2014ko uzt. 3a, 09:49
'Zilarberritzen' gogoeta prozesuaren ondorioak plazaratu dituzte. Oraindik aurrera, Platerueneko gestioa parte-hartzean oinarrituko da. Lan-taldeak sortuko dituzte kultur sortzaileek, herriko elkarteek eta proiektuagaz bat egiten duten herritarrek hitza edukitzeko.

 

Amaitu da Platerueneko Zilarberritzen gogoeta prozesua. Ikasturte honetan kafe antzoki euskaltzale eta herritarraren proiektua berridazteko dinamika parte-hartzailea garatu dute, eta, iritziak jasota, ondorioak atera dituzte. Garrantzitsuena gestioagaz lotutakoa: Plateruenaren kudeaketa partaidetzan oinarrituko da. Kultur sortzaileek, herriko elkarteek eta proiektuagaz bat egiten duten herritarrek berba edukiko dute.

Prozesua EHUko Parte Hartuz Sailekoek gidatu dute, eta eurek eman dute ondorioen berri. Proiektuaren etenbako transmisioa beharrezkoa dela ondorioztatu dute, zer eta zertarako den kontatzea. Horretarako, komunikazio bideak ugaritzea proposatu dute, eta hartu-eman pertsonalari garrantzia ematea. Elkarteentzako eta sortzaileentzako elkargune izan behar dela uste dute, eta sortzaileen kasuan, laguntzeko leku bat ere bai. Ikuspegi feministagaz emakumeen partaidetza bermatu gura dute. Bestalde, musikaz aparteko diziplinak integratzea ere badago ondorioen artean. Beharrei erantzuteko, hiru lantalde sortuko dira.

Espazioa sortzaileen eta taldeen beharretara egokitzeko, anfiteatroa eraldatuko dute. Udalagaz tratuan ibili dira, eta obrarako laguntza eskatu diote.

Nerea Iriarte Platerueneko presidenteak eskerrak eman zizkien prozesuko partaide guztiei. Zilarberritzea apustu estrategikoa izan dela esan zuen, eta apustu horregaz lanean jarraituko dutela. Ekonomikoki bideragarria izan arren, hasierako obratik 250.000 euroko zorra dago, eta hori ordaintzeko ekarpenak batuko dituzte udazkenean.

Hiru lan talde:

Erakustekoak

Kultur programazioa lantzeko taldea. Eragileek, udalak eta bestelakoek antolatzen duten eskaintzaren arabera koordinatu beharko da.

Sorkuntza

Sortzaileen beharrizan eta proposamenen arabera kudeatuko den taldea. Sortzaileen arteko sare finkoa eraikitzea izango da helburuetako bat.

Komunikazioa

Proiektuaren transmisioaz arduratuko da. Herritarrekin eta elkarteekin hartu-emanak landuko ditu, eta egitasmoen berri emango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!