Adinekoen bizitza kalitatea hobetzeko plana diseinatzen dihardute Durangon

Anboto 2014ko eka. 30a, 15:40
Lan taldeko kideak, Aitziber Irigoras alkatearekin
Adineko jendearen parte hartzea sustatuz, Durango pertsona nagusientzako “herri atsegina” den aztertzeko diagnostikoa egiten dabiltza. Orain arte 220 lagunen iritziak jaso dituzte, baina kopuru hori handitu gura dute.

 

Iazko irailean, udalbatzarrak aho batez onartu zuen Durango Adinekoen Uri Atsegina nazioarteko sarean sartzea. Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen egitasmoaren helburua da adineko jendearen ikuspuntutik etorkizuneko erronkei modu bateratuan erantzutea, tokian tokiko dinamikak bultzatuz eta ondoren informazio lokal hori mundu mailako sare batean partekatuz. 26 estatuko 210 hiri edo kolektibo daude sare horretan; Bizkaitik bi bakarrik: Bilbo eta Durango.

Testuinguru horretan, adinekoen bizitza kalitatea zelan hobetu jakiteko diagnostikoa egiten ari dira iaztik hona. Urtea amaitzen denerako, jasotako informazio guztia aztertu eta datozen hiru urteetarako ekintza plana aurkeztu gura dute. Pedro Fernandez de Larrinoa (Deustuko Unibertsitatean doktorea) lanketa prozesuan sartuta dago eta herritarren parte hartzea azpimarratu du: “Lanketa honetan ez dabil kanpoko enpresa bat. Durangoko adinekoak dabiltza, herritarrak beraz, eta hori azpimarratzeko puntua da”. Durangarrekin osatutako talde txiki bat da diagnostikoaren motorra; talde hori herriko ahalik esparrurik zabalenera heltzeko ahaleginetan dabil. Tade horretan dabilen Monse Llorentek ere "herritarren parte hartze zabala" goraipatu du. Aitziber Irigoras alkateak ere "parte hartzea" txalotu du eta hori horrela izan dadin lanean dabitzaneei "esker ona" adierazi die.

Alde batetik 140 inkesta egin dituzte eta kopuru hori handitzea gura dute. Inkestak Durangoko Udaleko webgunean bete daitezke. Bestetik, herriko elkarte eta eragileekin batu dira: mendekoak diren pertsona nagusien zaintzaileekin, herriko gobernuz kanpoko erakunde zein elkarteekin, zerbitzu sozialetako adituekin… Guztira 220 lagunen iritziak jaso dituzte, baina 400era heltzea gura dute.

Orain arte jasotako iritzien arabera, “oinarrian Durango hiri adiskidetsua da adinekoekin”, Larrinoaren arabera. Herriko adinekoak kezkatzen dituen puntuen artean daude, “tren estazioa amaituz azpiegiturak hobetzea, etxean bakartuta dauden adinekoengana heltzeko ahalegin berezia egitea edo zerbitzu sozialen gaineko informazioa hobeto helarazteko bideak lantzea". Kontrara, Durangok dituen alderdi onak ere jaso dituzte, adinekoei begira dauden ekintzen aukera zabala, besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!