Txosnen kokapena argitzeko eskatu diote Durangoko Udalari

Anboto 2014ko eka. 25a, 17:34
Durangoko Pantxika txosnen elkarteak aurtengo San Faustoetan txosnagunearen kokapena zein izango den jakin gura duela azaldu du prentsa oharrean. Gaineratu dutenez, urtarrilean Durangoko Udalari eskatu zioten ekainerako kokapena zein izango zen argitzea. “Hainbat bilera eskatu dizkiogu udalari eta, momentuz, ez dugu erantzunik jaso”.

 

Uda tarteko, jaiak begi-bistan daudela diote txosna guneko kideek. “Kalitatezko jaiak antolatu ahal izateko” udalari bilera batera dei ditzan eta bere erantzunaren berri eman diezaioten eskatzen dute. Kultur ekintzak antolatzeaz gainera, baimen eta antolaketa lanak ere egin behar dituzte kokapenera egokitzeko txosnetako ordezkariek diotenez: “Urtero txosnak lekuz aldatzen ibili beharrak halako egoeretara garamatza”. Era berean, Durangoko txosnaguneak leku finko bat izan beharko lukeela diote. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!