2013ko azaroan Zilarberritzen izeneko partaidetza prozesuaren aurkezpena egin zen, eta geroztik hainbat eztabaida saio garatu dira herritarrekin batera. Iritziak jasota, ondorioak atera dituzte, eta jendaurrean aurkeztuko dituzte datorren eguztenean, uztailaren 2an. 19:00etan izango da aurkezpena, Plateruenean bertan.
Saretik komunikaziora
Kulturgune euskaltzale eta herritarra izateko norabidean sakondu dute gogoetako partaideek. Prozesua EHUko Parte Hartuz sailekoek gidatu dute, eta eurak izan dira eztabaidetan landutakoa biribiltzeko arduradunak ere. Azaroko aurkezpenean bertan iritzia emateko aukera eduki zuten bertaratutako 150 lagunek, eta hori izan zen prozesurako oinarrietako bat. Gainera, Durangoko kolektibo eta kultur sortzaile ugarigaz ere hartu-emanak egin zituzten azarotik otsailera bitartean.
Horren ostean eztabaida zabalak hasi ziren. Martxoan sarea eta elkartegintza aztertu zituzten, apirilean Plateruenaren kudeaketaz jardun zuten, eta maiatzean komunikazioa izan zuten berbagai. Eztabaidez gainera, tailerrak eta berbaldiak ere antolatu dituzte hilabeteotan, prozesuaren osagarri lez. Eguaztenean jakinaraziko dute zein izan den azken emaitza.