“Pochutan ia emakume guztiok pairatu dugu genero indarkeria”

Anboto 2014ko eka. 18a, 13:59
Bateginezek gonbidatuta, Pochutako (Guatemala) emakumeen egoeraz berba egingo dute barikuan Lidia Coronak eta Paula Pichillák.

Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak lankidetzan dihardu Pochutako (Guatemala) Apsadec elkarteagaz, eta bertako kide bi Durangora etorri dira, emakumeek han bizi duten egoeraz berba egiteko. Lidia Corona eta Paula Pichillá dira lekukoak. Coronak azaldu du indarkeria matxista kasuak ohikoak direla, bizitzaren parte lez ulertu izan dituztela: “Pochutan ia emakume guztiok pairatu dugu genero indarkeria”. Diagnostiko bat aurkeztuko dute barikuan, Elkartegian, 19:00etan. 

Emakumea guztiz azpiratuta bizi da Pochutan. Erreprodukziorako eta etxekoandre izateko prestatzen dituzte txikitatik; eskolara joan beharrean, etxeko lanetan hezten dituzte, adibidez. Eta horri, biolentzia gehitu behar zaio. Ez dute herriko datu ofizialik, baina egoeraren erakusle, Guatemala osoan 755 emakume hil zituzten iaz. Kasu asko ez dira erregistratzen, eta andra gehienek ez dute salatzen, batez ere dependentzia ekonomikoagatik.

Coronaren arabera, emakumeak ez dira eskubideetaz kontziente izan, eta horri buelta eman gura diote. Jabekuntza saioak jaso dituzte, eta neskak eskolaratzen dabiltza. Autolaguntzaz gainera, presioa ere egiten dute kasuak argitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!