Zapatuan zabalduko dituzte igerilekuak

Anboto 2014ko eka. 12a, 13:33
Tabirako igerilekuetan amaitu dituzte obrak, eta zapatuan bertan erabili ahalko dituzte herritarrek.

Igerilekuetako hodiak berriztu dituzte, eta harlauzak pikatu ere bai. Horien ordez, labainkorra ez den materiala ipini dute, segurtasuna eta higienea bermatzeko asmoz. Aitziber Irigoras alkatea (EAJ) eta Mari Jose Balier alkateordea bertan izan dira, egoera ikusteko. Obrak amaituta daudela berretsi dute: "Espero dugu durangarrak eguraldi onaz eta igerileku ederrez disfrutatzeko irrikan egongo direla", esan du Irigorasek. Aurten, gainera, zapatu eta domeketan ordu erdi lehenago zabalduko dituzte; 10:30ean. Antza denez, erabiltzaileek eskatuta aurreratu dute ordutegia.

1940an eraiki zituzten Tabirako igerilekuak, eta Durangaldeko zaharrenak direla gogoratu dute udal arduradunek.

PSE-EEren adierazpenak

PSE-EEk ere oharra bidali du igerilekuen irekiera dela eta. Diotenez, bertan egindako hainbat hobekuntza euren ekarpenei eskerrak dira. Obrekin, ur kantitate handia aurreztuko dela esan dute; hodi zaharretan ur jario edo ihes ugari gertatzen zen. Gainera, uraren tenperatura eta segurtasuna ere hobeak izango direla nabarmendu dute. Instalazioak zaharkituta zeudela esan, eta hobetzen jarraitzeko lanari eutsiko diotela esan dute sozialistek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!