Peio Azkarate: "Ingelesa hobeto jakiteak ate gehiago zabaldu ahal dizkizu"

Anboto 2014ko eka. 13a, 09:30

Udan Ameriketako Estatu Batuetara joango da Peio Azkarate (Durango, 1998). Gazte askoren moduan, ingelesaren ikasketan sakontzea da bere helburua, eta hango familia bategaz egongo da bost astez. Sain Louisekoa da familia hori, Missouri estatukoa. Gainera, bidaiatzeko aukera ere edukiko du. Argi erantzun ditu galderak, bertsolari senaren seinale.

 


Noiz joango zara AEBetara?
Ekainaren 25ean joango naiz, bost asterako. Tokatu zaidan familiari mugitzea interesatu zaio, eta nora joango garen esan didate. Astebetez Kanadara joango naiz, eta gero udaleku antzeko batzuetara ere bai, eskaut gisa-edo [barrez].
 
Eta zelan okurritu zaizu?
Orain dela urte bi Ingalaterrara joan nintzen familia bategaz, baina egun osoan neuzkan eskolak. Nire arrebak, nire adinagaz ere, orain egingo dudana egin zuen, eta oso pozik egon zen. Horregatik, ni ere joango naiz.

Zer helburugaz zoaz?
Lehenengo, ingelesa ikastea. Orain batxilergora sartuko naiz, eta ingelesean asko lagunduko dit. Azken batean, gastu bat da, baina inbertsioa ere bai. Beste mundu bat ezagutuko dut.
 
Zertan hobetu gura duzu?
Ulermenean eta ahozkoan hobetu gura nuke. Askotan idatzia lantzen da, gramatika, baina ulermena ez. Han ezingo diot galdetu irakasleari euskaraz.

Orduan, eskolarik ez duzu hartuko?
Ez. Aurrekoa esperientzia ona izan zen, baina ingelesarekiko ez, ez nuen askorik ikasi. Familia bategaz arreta handiagoa edukiko dut.

Ingelesa ikastea beharrezkoa al da?
Bai, beharrezkoa dela uste dut. Sistemak-edo denok ingelesa, euskara eta gaztelania jakitea  gura du. Zehaztasun txikiak dira desberdin egiten gaituztenak, eta ingelesa hobeto jakiteak ate gehiago zabaldu ahal dizkizu. Nik ez daukat titulurik, baina komunikatzen ikasten badut, asko lagunduko dit.

AEBak apur bat ezagutzeko ere balioko dizu. Zerbait bereziki ikusteko gogoa daukazu?
Familian Irlandako dantzak dantzatzen dituen bat dago, eta Kanadako Montreal hirira joango gara. Bueltan Niagarako ur-jauzietatik pasatuko gara, eta hori beti izan da nahiko famatua. Nik ere badaukat ikusteko gogoa. Baina, beno, beste gauza guztiak ere interesgarriak izango dira.

Helburu nagusia ikastea izan arren, ondo pasatzera ere joango zara, ezta?
Bai. Jendea ezagutzea, beste kultura batzuk... Hango bizimoduari eta gauza kulturalei buruz ikastea ere ondo egongo litzateke.

Bertsolaria ere bazara. Han bertsotan egiteko modurik topatuko duzu?
Nire ezaugarrietan bertsolari nintzela ipintzeko esan zidan amak, eta, beharbada, zerbait galdetuko didate. Biografian ipintzerakoan, askotan jendeari interesa pizten zaio. Adibidez, eskalada gustuko dudala ere ipini nuen, eta udalekuetan eskalada egongo dela esan didate. Pentsatzen nabil Bertsolari filmaren DVDa eroan, eta eurei oparitzea. Momentuz ea zelan hartzen duten Euskal Herriko kultura hori, hori ere azaldu beharko zaielako.

Gaur Durangaldeko Kopla Txapelketan kantatuko duzu. Zer esperantza daukazu?
Beno, berde samar nago oraindik. Hor egoteagaz bakarrik asko da niretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!