"Lehenengo kanpamentura joan nintzenean, nire lekua hauxe zela konturatu nintzen"

Anboto 2014ko eka. 5a, 18:00
Iraide Donaire ez da Inurri Eskauteko kidea txikitatik. Praktikak egitera Durangoko taldera joan zenean, lagun talde handi bat aurkitu zuen. Harrezkero, Inurrin dihardu monitore. Durangoko eskautek ospakizun handia dute asteburuan. Inurrik 30 urte bete dituela-eta, kanpamentua antolatuko dute Zuhatzola parkean.

 
Zelan sortu zen Inurri Eskaut taldea?
Alberto Pérez Pastor Periko izan zen sortzailea, Jesuitetan. Gazte batzuekin Dukebaso baserrira joaten hasi ziren, Santa Luzian. Gazteek gustuko zuten naturan egotea, eta fedea ere zutabe garrantzitsua zen.

Zeintzuk dira elkartearen oinarriak?
Eskaut moduan gura duguna da gure gazteak pertsona kritikoak eta autonomoak izatea. Era berean, gizartean inplikatu daitezen nahi dugu. Gure hiru ardatzak formakuntza, gizartea eta fedea dira.
 
Une honetan zenbat umek eta gaztek dihardute Inurrin?
8 eta 18 urte bitarteko umeekin eta gazteekin dihardugu. Bost adar ditugu: Koskorrak, Kaskondoak, Oinarinak, Azkarrak eta Trebeak. Ehun ume eta gazte inguru dira. Horretaz gainera, Asabak taldea monitore ohiek osatzen dute. Gainera, gurasoen taldea ere badugu.

Zelako ekintzak antolatzen dituzue?
Herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzen dugu. Esate baterako, Munduko Arrozak jaian edo Lilakrosean. Asteburu-pasa bat antolatzen dugu hiru hilero. Mendi irteerak ere antolatzen ditugu. Nagusiek batzarrak egiten dituzte, eta beraien bukaerako proiektua lantzen joaten dira. Proiektua herrialdeko beste lau eskaut talderekin prestatzen dute. Aurten, nagusiek auzolandegi bat egingo dute Gasteizen. Boluntzariotza sustatzeko ekimena izaten da.

Gazteak monitore izatera pasatzen dira gero?
Gazteek gizartean konpromiso bat hartzea da gure helburua. Ez du zertan gure taldean izan. Beste elkarte batean ere izan daiteke. Mundu hobe baten alde zer edo zer egiteko konpromisoa hartzea da kontua.  

Zuk ere txikitatik diharduzu elkartean?
Ez, monitore moduan sartu nintzen. Haur Hekuntza ikasten nabil Gasteizen. Monitore izateko ikastaroa ikasten nenbilela praktikak egitera etorri nintzen elkartera. Lehenengo kanpamentua hainbeste bizi izan nuen, ezen neure buruari esan nion: “Hau da nire lekua”. Hauxe da monitore lanetan nabilen hirugarren urtea.

Zer eman dizu zuri Inurrik?
Haur Hezkuntza ikasten nabilen arren, hezkuntza ez-arautua ere gustuko dut. Umeekin eta gazteekin lan egitea asko gustatzen zait. Pertsona gisa hazteko aukera ematen dit. Autonomia handia nireganatu dut, ardurak hartzen eta talde lanean jarduten ikasi dut. Lagunak egiteko aukera ere ematen du. Nire bigarren familia dela esango nuke. Ez dut dirurik irabaziko, baina pertsonalki asko ematen dit.

Urteurrena ospatzeko zer ekintza antolatu duzue?
Joan zen domekan ekin genion 30. urteurrena ospatzeari. Denboraren makina bat asmatu genuen, eta boluntario ohiekin Inurrik izan dituen lokaletan zehar ibilaldia antolatu genuen.    Jendeak Garai jauregiko lokala ezagutzen du, baina gehienek ez zituzten aurreko guneak ezagutzen. Elkartearen historia eta anekdotak kontatu zizkiguten. Dukebaso baserrian amaitu genuen, eta han hamaiketakoa egin genuen.

Asteburuan kanpaleku berezia antolatuko duzue.
Asteburuan gure udako kanpamentuaren antzeko bat antolatuko dugu Zuhatzola parkean. Dendak, barrakoiak, sukaldea eta harrikoa egiteko harraskak  muntatuko ditugu, besteak beste. 130 lagun inguru elkartuko gara. Inurrin parte hartu duten familia guztiak daude gonbidatuta. Batzuk ez dira lo egitera geldituko, baina eguneko ekintzetan parte hartzeko prest daude.


Zeintzuk izango dira antolatuko dituzuen ekintzak?
Goizeko ekintza kanpamentua muntatzea izango da. Horrela, udan zer egiten dugun ezagutzeko aukera eskainiko diegu gurasoei, umeei eta gazteei. Ondoren, bazkaritarako elkartuko gara. Arratsaldean, argazki eta logo lehiaketako sariak banatuko ditugu. Gainera, antzerkiak ere egingo ditugu taldeka. Abesti bat aukeratu, eta bakoitzak prestatu duena erakutsiko du. Ondoren, meza egingo dugu 30 urte bete ditugula guztion artean ospatzeko. Afariagaz eta gaubelagaz amaituko dugu eguna. Domeka goizean denok batera gosaldu, eta kanpamentua batuko dugu. Ingurua arakatuko dugu bukaeran. Ilara batean ipiniko gara den-dena batu dugula ziurtatzeko. Amaieran Agur eskaut abestuko dugu.

Udara begira, zer plan prestatu duzue?
Dena martxan daukagu dagoeneko. Zuñigara joango gara (Nafarroa). Uztailaren 14an hasiko da, eta 26an amaituko da gurasoekin eta asabekin batera.

Gurasoek zelako funtzioa betetzen dute Inurri Eskaut elkartean?
Guraso batzorde bat dugu, eta lan oso ona egiten dute. Laguntza oso handia dira guretzat. Esate baterako, udan, udalekuak hasi aurretik, asteburu bat lehenago kanpamentua muntatzera joaten gara gurasoekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!